Garaiezin dabil Ibaeta Basket
Hirutik hiru. Ondo baino hobeto hasi du denboraldia Ibaeta Basketek, ligako lehenengo hiru partidak irabazita. Bartzelonaren aurka jokatu zuen larunbatean etxean, eta 59-48 irabazi zion. Horrela, ligako lidergoan Valentziarekin, Perfumerias Avenidarekin eta Jairisekin berdinduta daude donostiarrak.
Saskibaloiarekin jarraituz, Gipuzkoa Basketek denboraldiko lehenengo garaipena eskuratu zuen larunbatean, Tizonari 76-74 irabazita. Horrela, ligako hamabigarren postuan daude orain donostiarrak.
Futbolean, garaipenaren bidea berrartu du Realak, Eibarri etxean 3-1 irabazita. Txuri-urdinak izan ziren nagusi partidan, eta Nerea Eizagirrek (4. minutuan), Jensenek (16.ean) eta Mirarik (19.ean) sartu zituzten golak; Nati Canok egin zuen eibartarren gol bakarra, 83. minutuan. Horrela, ligako zortzigarren postuan dago orain Natalia Arroyoren taldea.
Belar hockeyan, Realak etxean irabazi ezinik jarraitzen du, baina behintzat puntu bat atera zuen igandean, Terrassaren aurka 3-3 berdinduta; Paletek, Cartak eta Casadok sartu zituzten txuri-urdinen golak. Ligako seigarren postuan daude donostiarrak
Izotz hockeyan, garaipenak eskuratu dituzte Txuri Urdineko neskek zein mutilek Milenio Panthersen aurka. Neskek 1-8 irabazi zuten igandean, eta mutilek 16-0 larunbatean. Horrela, neurketa guztiak irabazi dituzte neskek eta ligako liderrak dira neskak. Mutilak, aldiz, euren ligako bigarren postuan daude.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Ibaeta Basket 59 – Bartzelona 48
Gizonezkoen bigarren maila, 2. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 76 – Tizona 74
Futbola
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Reala 3 – Eibar 1
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Reala 3 – Terrassa 3
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Milenio Panthers 1 – Txuri Urdin 8
Gizonezkoen liga, 4. jardunaldia
- Txuri Urdin 16 – Milenio Panthers 0