Greba feminista orokorrera begirako asanblada ez mistoa egingo dute asteartean
Gero eta gertuago dago azaroaren 30eko greba feminista orokorra, eta antolaketarekin jarraitzeko asanblada antolatu dute biharko (hilak 17) Donostiako Emakumeen Etxean. Asanblada irekia eta ez mistoa izango da, eta 18:15ean izango da.
Zaintza “erdigunera ekarri” eta “familiarizatua” eta “pribatizatua” izateari utz diezaiola exijituko du mugimendu feministak grebaren bidez. Antolaketa lan handia dago grebaren atzean, eta, pixkanaka, hiriko auzoetan asanblada mistoak sortzen ari dira. Hain zuzen ere, asteazkenean (hilak 18) asanblada mistora deitu dute Antiguan —Txantxarreka gaztetxean izango da, 19:00etan—. Ostiralean (hilak 20), Parte Zaharrean —Arrano elkartean, 18:30ean— egingo dute, eta hurrengo asteartean (hilak 24) Egian —Teila Fabrikan, 19:30ean—.