Saratoga taldea ariko da Metal Norte Festibalean
Hamabigarren Metal Norte Festibala hemen da; larunbatean izango da, hilaren 21ean, Larratxo Kultur Etxean. 19:30ean hasiko da, eta lau talde ariko dira oholtza gainean: Saratoga, Infamia, Daeria eta Leyenda. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 20-25 euroan.
Saratoga talde madrildarra da kartelburua, bere 30. urteurrena ospatzen ari baita; bi ordu inguruko kontzertua emango dute madrildarrek, euren ibilbidearen errepasoa eginez.
Gainontzeko taldeei dagokienez, metal melodikoko Infamia taldea, hogei urteko ibilbidea egin ostean, bere agur biran murgilduta iritsiko da Altzara. Leyendak antzeko ibilbidea egin du, 25 bat urtekoa, eta Daeria talde bartzelonarra 2018an birsortutakoa da.