Hainbat familia kaleratze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak
Kaleratzeak Stop plataformak agerraldia egin du gaur goizean, hilak 17, hainbat familia kalteberak duten kaleratze arriskua salatzeko. Plataformak adierazi duenez, “Euriborraren igoera eskandalagarriak” bankuen maileguen kuotak izugarri igotzea ekarri du, gabealdiaz baliatzen diren familiak ere kuota ezin ordaintzera iristeraino.
Gabealdi horretaz baliatzen direnek Euriborrari %0,1 kenduta geratzen den interes tasa ordaintzen dute egun —%4,16an dago gaur indizea—, legez hala zehaztuta. Hori onartezina dela uste dute plataformako kideek, eta legea berrikusteko beharraz hitz egin dute: “Gaur egun egoera dagoen moduan, gutxienez Euriborrari %2 kendu beharko litzaioke”.
Era berean, plataformak kritikatu du gabealdia eskatu ahal izateko baldintzak “zorrotzegiak” direla, eta horiek lausotzeko eskatu du. Egun, etxebizitzak 300.000 euro baino gutxiago balio behar du eta familia unitatearen diru sarrerak 29.400 euro baino gutxiagokoa izan behar du gabealdi hori eskatu ahal izateko: “Ehun euro pasatzen bazara, laguntza atzera botatzen dizute”.
Hala, familia kaltebera askok ezin diote kuota berriari aurre egin, eta ordaintzeari uztea beste erremediorik ez zaie geratu. Hamabi hilabete ordaindu gabe igaroz gero, plataformak salatu du bankuek aukera dutela demanda jartzeko, etxebizitza enkantean jartzeko eta maizterrak kaleratzeko.
Mercedes eta Jose Ramon, kaleratzeko arriskuan
Plataformak hainbat kasuren berri eman du, tartean, Mercedes eta Jose Ramon senar-emazteena. Amarako Autonomia kalean bizi dira, topoaren geltoki alboan, eta DSBEarekin osatzen dute senarraren desgaitasun pentsioa; hilean, 1100 euro.
Mercedesek azaldu duenez, 1250 euroko mailegu kuota ordaindu beharko lukete; gabealdiarekin, 900 euro. Bi kasuetan adierazi du ezinezkoa zaiela kopuru horiek ordaintzea, eta dagoeneko bete dituzte hamabi hilabete kuota ordaindu gabe. Beraz, edozein unetan etor daiteke Santander bankuaren abisua —beste kasu batzuetan Kutxabank eta Laboral Kutxa ere aipatu dituzte—.
Etxe horretan bizi den familiako seigarren belaunaldia da senar-emaztearena, eta Mercedesek bere anaiari etxearen zatia ordaindu ahal izateko eskatu zuen 230.000 euroko mailegua.