Itsasoko kantutegia berreskuratzeko kontzertua antolatu du Itsas Museoak
Larunbat honetan, 18:00etan, Donostiako kaiak ordubetez berreskuratuko du bere itsas kantutegia. Euskal Itsas Museoak Itsasos kantak izeneko kontzertua eskainiko du euskal abeslari eta taldeekin, itsasoko abestien garrantzia nabarmentzeko. Besteak beste, Rafa Rueda, Sara Azurza, Janus Lester, Mirua edo Julen arituko dira Itsas Museoaren oholtzan, eta Iker Lauroba eta Dánae Riaño izango dituzte bidelagun instrumentuetan.
Europako ondarearen jardunaldiaren baitan egindako jarduera honek, itsasoko ahozko musika eta abestiak jarri nahi ditu erdigunean. Antolatzailek azaldu dutenez, abesti horietako asko desagertzeko prozesuan daude eta “gure kostaldeko ahozko historiaren zati garrantzitsu bat dira”. Izan ere, itsasontzietan eta portuetako zereginetan erabiltzen ziren abestiak izateaz gain, eguneroko “gertakizunen” eta kostaldeko “bizimoduaren” kontakizunak ere badira. Hori horrela, ordubeteko emanaldiaz gain, kanten historia eta testuingurua azalduko du Xabier Alberdik museoko zuzendariak.
Edukiera mugatuko ekitaldia da eta dagoeneko bete dituzte leku guztiak. Nolanahi ere, antolatzaileek azaldu dutenez, itxaron zerrenda osatu da eta oraindik izena eman daiteke komunikazioa@itsasmusoea.eus webgunean, mezuaren gaian “Itxaron zerrenda” aipatuta.