Moda azkarraren aurkako bizikleta martxa egingo dute igandean
Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Eguna da gaurkoa (hilak 17), eta, horren harira, agerraldia egin du Zero Pobrezia plataformak Nautikoan. Ehungintzaren industrian jarri dute fokua, eta salatu dute “moda azkarrak kutsadura eta lan esplotazioa” eragiten dituela, eta “jasanezina” dela planetarentzat. Horrela, bizikleta martxa batera deitu dute iganderako (hilak 22); Txita Sound Systemek girotuko du martxa, 12:00etan abiatuko da Haizearen Orrazitik eta Alderdi Ederreraino joango da. Saretuz elkarteak egitasmoarekin bat egin du, eta goiz osoan zehar jarduerak egingo dituzte Alderdi Ederren. Horrez gain, gaur bertan, gaiarekin harremana duen La caja filma proiektatuko dute Kresala Zineklubean, Trueba aretoan, 19:30ean.
Goizeko agerraldian, moda azkarrak sortzen dituen kalteen inguruko hainbat datu eman dituzte, alfonbra gorri baten gainetik moda desfile baten parodia egin duten bitartean. “Arropa Garbbia Kanpainaren arabera, Munduko bigarren industria kutsagarriena da, energia fosilen atzetik: modaren industriak 92 milioi tona hondakin eta 1,5 bilioi litro ur erabilezin sortzen ditu”, salatu dute. Era berean, nabarmendu dute “astean 70 orduko lanaldiak (langileen %80 emakumeak dira), soldata iraingarriak, osasunerako kaltegarriak diren tekniken eta produktu kimikoen erabilera eta segurtasun eta osasungarritasun baldintzak betetzetik urrun dauden lantegiak” ezkutatzen dituela industria horrek.
Ildo beretik, salatu dutenez, Enlazate Por La Justicia kanpainaren arabera, arropa marka batzuek “52 bilduma” ateratzen dituztela urtean. Era berean, azaldu dute Ellen McArthur fundazioak ondorioztatu duela herritarren arropa kontsumoa “%60 hazi” dela azken urteotan, eta “Europako armairuetan dagoenaren %30” ez dela erabili urtebetean gutxienez.
Horregatik guztiagatik, “kontsumitzen dugun moduaren inguruan hausnartzera” deitu dituzte herritarrak, eta zenbait aldarrikapen zehatz egin dituzte: erakundeek giza eskubideen eta ingurumenaren arloan behar bezalako arreta jartzen duten legeen alde egitea, herritarrek gutxiago kontsumitzea, erakundeek tokiko merkataritza sustatzea, ongizate kolektibo globalaren aldeko kontzientzia kritikoa haurtzarotik sustatzea eta garapen lankidetzarako politika bultzatzea.