Palestinari elkartasuna adierazteko manifestazio nazionala egingo dute larunbatean Donostian
Gernika-Palestina deialdi herritarrak antolatuta, manifestazio nazionala egingo dute larunbat honetan (hilak 21) Donostian, Palestinari elkartasuna adierazteko. Gazako “sarraskia gelditzeko” eta “konponbide politikoa” eskatzeko egingo dute mobilizazioa, 17:30ean, Antiguako tuneletik abiatuta. Manifestu baten bidez deitu dute mobilizaziora, eta Euskal Herriko pertsona ezagun ugarik sinatu dute manifestu hori, besteak beste, Itziar Ituñok, Xabier Madariagak, Eñaut Elorrietak, Martxelo Otamendik, Maialen Lujanbiok, Nekane Balluerkak, Eneko Sagardoik, Fernando Bernuesek, Izaro Andresek, Nora Aurrekoetxeak, Juanito Oiartzabalek, Gari Garaialdek eta Kattalin Minerrek.
“Urriaren 7az geroztik, indarkeriaren areagotzea gertatzen ari da Israelen eta Palestinan. Bi aldeetako zibilen heriotzak zeharo mingarriak dira eta bake aukeratik urruntzen gaituzte, dagoeneko 75 urtez luzatzen den gatazka honetan”, gogorarazi dute. Halaber, muturreko egoera bat dela nabarmendu dute: “Ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen larrialdi humanitario baten aurrean gaude. Izan ere, giza eskubideen aldeko elkarte palestinarrek zein Amnesty International eta Human Rights Watch elkarteek gerra krimentzat jo dute gertatzen ari dena, Nazio Batuetako zenbait instantziek Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urratze larritzat jo duten bitartean”.
“Gernikako bonbardaketaren herria gara eta badakigu zer gertatzen den lehergailuak herrien eta herritarren gainean zerutik modu indiskriminatuan jaisten direnean. Horregatik, oso gertu dugulako sarraski haien mina, ezin dugu gogotik urrundu ikusten ari garena: Gazako kale hondatuak, umeen azken hatsak, gurasoen oihu lazgarriak, dena galdurik ala mehatxuek bultzaturik, ihes egin behar dutenen begi umelak”, gaineratu dute.
Horrela, bost eskaera egin dituzte manifestuan: berehalako su etena eskatu dute lehenik, Gazaren gaineko setioa eta Palestinako lurraldearen gaineko mehatxua bukatzea zein laguntza humanitarioa bertara iristea ahalbidetzea bigarrenik, Palestinako eta Israelgo herritarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute hirugarrenik, konponbide baketsua eta negoziatua bilatzeko laugarrenik eta elkarrizketa prozesu bat abiatzea bosgarrenik, “bake justu, egonkor eta iraunkorra” helburu izanda.