Parte Zaharreko 40 biltegiren legezkotasuna aztertzen ari da udala
Donostiako Udala ostalaritzako biltegi gisa erabiltzen diren Alde Zaharreko lokal guztiak aztertzen ari da, legezkoak diren ala ez zehaztu, eta biltegi gisa erabiltzeko baldintzak ez betetzeagatik itxiera espedienteak ezartzeko. Hala adierazi du astelehen honetan Nekane Arzallus Hirigintzako zinegotziak, Hirigintzako Osoko Bilkuran, EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek egindako galderaren ostean. Koalizio abertzaleko zinegotziak “oso kezkatuta” dagoela adierazi du, segurtasun arau jakin batzuk ez betetzeak ekar ditzakeen arriskuagatik. Arzallusek, bere aldetik, Udal Gobernua ere “oso kezkatuta” dagoela erantzun du, eta horregatik Udaltzaingoaren Udal Ordenantzak Kontrolatzeko Unitateari ikuskapena egiteko eskatu diola.
Hirigintzako komisioan egindako galdera EH Bilduren aldetik atera da, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak bidalitako bi idazkiren berri eman ostean. Idazki horiek uda partekoak dira, eta bertan adierazi dutenez dutenez, biltegiek hazkunde nabarmena izan dute azken aldian, ostalaritza jardueraren hazkundearen eraginez. Auzo elkarteak azaldu duenez, tabernari askorentzat taberna inguruan generoa eroso gordetzeko irtenbidea gisa ezarri dituzte biltegiak.
Idatzian, bestalde, biltegien hazkundeak izan ditzakeen ondorioak izan dituzte hizpide. Auzotarren aburuz, saltokientzako lekua galtzen ari da, eta ohartarazi dute “beste jarduera batzuen” kalterako izan daitekeela aldaketa. Halaber, Parte Zaharrean biltegi gisa erabiltzen ari diren 40 lokalen zerrenda gehitu dute idatzira.