Udal gobernuak La Cumbreren inguruan duen «interes falta» salatu du EH Bilduk
Ostegunean urtebete beteko da Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartu zenetik. Lege hori Espainiako Kongresuan onartzeko, EH Bilduk akordioa egin zuen Espainiako Gobernuarekin, zeinen arabera Ezkabako gotorlekua eta La Cumbre jauregia, hurrenez hurren, Nafarroako Gobernuaren eta Donostiako Udalaren esku gelditu behar diren, horietan memoria demokratikoa lantzeko. Ordea, urtebete betetzear den honetan, Aieteko jauregi ezagunak Espainiako Gobernuaren eskuetan jarraitzen du.
Horrela, EH Bilduko bozeramaile Juan Karlos Izagirrek gaia eraman zuen astelehenean Ogasuneko udal batzordera, eta Kerman Orbegozo Ogasuneko eta Finantzetako zinegotziari egin zizkioten galderak, Eneko Goia alkatea kanpoan baitago. Zehazki, Orbegozori galdetu zioten ea zergatik udal gobernuak oraindik ez duen gauzatu lagapena egiteko hitzarmena, ea zer urrats egin dituen orain arte zentzu horretan eta ea jauregiarekin zer egiteko asmoa duen udal gobernuak: “Erabilerak Estatuko Biktimak oroitzeko izan behar duela eta, zer instituzio eta eragile sozialekin jarri da harremanetan proiektua lantzeko?”.
Ordea, EH Bilduko iturriek azaldu dutenez, ez zuten erantzun argirik jaso. Horregatik, oposizioko udal taldeak salatu du udal gobernuak ez duela “inolako interesik” erakutsi La Cumbreren inguruan, eta ez duela “ezer egin”. “Interes falta” hori “arduragabekeriatzat” jo dute EH Bildukoek.
Uztailean egin zuten eskaera
Donostiako Udalak uztailean egin zuen jauregiaren lagapena gauzatzeko eman beharreko pausuen berri emateko eskaera, uztailaren 27ko udalbatzarrean alkateak baieztatu zuenez. EH Bilduk azaldu du alkatetzak bezperan, uztailaren 26an, bidali ziola mezu bat Espainiako Gobernuak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban duen ordezkaritzari.
Koalizio subiranistaren arabera, Espainiako Gobernuko ordezkaritzak erantzun zuen “oporren ostean” landuko zutela gaia, baina ez da berririk izan. Ordea, udal gobernuari leporatu diote “mezu labur” horren ondoren “interes gehiago agertu ez izana”.
“Espazio aktiboa”
Udal gobernuak oraindik ez du adierazi La Cumbrerekin zer egiteko asmoa duen, baina askotariko ereduak daude nazioartean, Egiari Zor fundazioak martxoan antolatutako mahai inguruan agerian gelditu zenez; Portugalgo, Argentinako eta Irlandako ereduak izan zituzten hizpide orduan. Horrela, igandean Berria egunkariak argitaratutako erreportajean Izagirrek nabarmendu zuen “ezinbestekoa” dela La Cumbre “estatuaren biktimak oroitzeko eta aitortzeko” eremu bilakatzea. Jauregiak, “espazio aktibo” bat izan behar duela gehitu zuen EH Bilduko bozeramaileak.
“Gertatutakoa ezagutzeko eta beste biktima batzuk egon direla aitortzeko” espazio bilakatu behar da Aieteko jauregia Izagirreren ustez, memoria historikoa bere osotasunean lantzeko eta “ez ahaztea eta ez errepikatzea” bermatzeko. Hain zuzen ere, besteak beste, Joxean Lasa eta Joxi Zabala han torturatu zituztelako da ezaguna La Cumbre.