Endometriosiari buruzko liburu bat euskaratzeko diru bilketa abiatu du Larraitz Amezaga del Frago donostiarrak

EndoFeliz. Por una vida plena y satisfecha con endometriosis liburuaren eta informazio kanalaren sortzailea da Larraitz Amezaga del Frago (Donostia, 1990). Diru bilketa bat abiarazi du liburu hori euskaratzeko helburuarekin, uste baitu hilekoaren inguruan “oso liburu gutxi daudela euskaraz” eta are gutxiago endometriosiari buruz.
Endometriosia 29 urterekin diagnostikatu zioten Amezaga del Fragori. Azaldu duenez, Behcet, tinnitus, antsietatea eta izu erasoak ere pairatzen ditu. “Endometriosia oso gaixotasun gogorra da, fisikoki zein psikikoki triskantzak eragin ditzakeena; beraz, nire proiektuaren helburua nire aletxoa jartzea izan da hasieratik; eta endometriosia duen emakume bati lagundu ahal badiot, proiektua arrakastatsua izango da”, adierazi du.
Amezaga del Fragoren arabera, endometriosia “oso gaixotasun arrunta” da, baina neurri handi batean ezezaguna. “Hamar emakumetik batek pairatzen dugu, 200.000.000 emakumek baino gehiagok munduan zehar. Badira oraindik diagnostikatzen eta tratatzen ez dakiten osasun profesionalak. Diagnostiko goiztiarra lortzeko borrokatu behar dugu”, nabarmendu du, eta neska nerabeek sintomak “gero eta lehenago” jasaten dituztela gaineratu du.
Proiektuan parte hartzen dutenek liburua (euskaraz), orri markatzailea eta @gancho_panza-ren eskuz egindako giltzatakoa eskuratuko dituzte. Hala ere, azaldu du norbaitek liburua gazteleraz badu, eta ez badu euskarazko ale bat nahi, baina proiektuan parte hartu nahi badu, ekarpen ekonomiko txiki bat ere egin dezakeela eta mezenasa gisa azaldu liburuan. Giltzatako bakoitzetik euro bat endometriosiari buruzko ikerketara bideratuko da.
Esteka honetan egin daiteke norberaren ekarpena.
Liburuari buruz
Liburua endometriosia duten pazienteentzat ez ezik, senideentzat, lagunentzat, osasun profesionalentzat eta irakasleentzat da. Larraitz Amezaga del Fragok eta Ediciones Arcanas-ek argitaratutako liburua irakurtzeko oso erraza da, gaixotasunari buruz oso-osorik. Irakurleak bertan aurkituko du endometriosiaz, hilekoaren osasunaz eta hilekoaren inguruan dauden tratamendu guztiez (hormonalak, kirurgikoak, etab.) jakin beharreko guztia. “Gainera, konfiantzazko mediku batek berrikusi du”, azaldu du egileak.
Liburuak “oso harrera ona” izan duela adierazi du, eta proiektua bultzatzera animatu du jendea, “hilekoa tabua delako oraindik gure gizartean, eta oso zaila delako hilekoarekin lotutako gaixotasun bat jasatea”.