Liburutegiek eduki sortzaile gisa egiten duten lana aztertuko dute Liburutegien Egunean
Hamaikagarren urtez jarraian, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak, Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak eta Medialab Tabakalerak bat egin dute liburutegien bilakaera bultzatuko duten ideien eta esperientzien trukea sustatzeko. Edizio honetan, hiru erakundeek, liburutegiek edukiak sortzeko duten gaitasuna aztertuko dute.
Jardueren programazioa urriaren 22an, 19:00etan, hasiko da Tabakaleran, Joaquim Jorda eta Nuria Villazan zuzendarien Mones com la Becky film dokumentalaren emanaldiarekin.
Urriaren 24an, 09:00etan, Medialab Tabakalera lan jardunaldi baten topagunea izango da, jendearentzat irekia, eta elkarlaneko artxibo, hedapen eta sorkuntza ereduen inguruan lan egingo dute. Jardunaldian hiru liburuzain adituk hartuko dute parte: Oskar Hernandez, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren hemeroteka orokorraren kudeatzaileak; Alicia Selles, Artxibistika, Bibliotekonomia, Dokumentazio eta Museistika Elkarteen Espainiako Federazioaren presidente ohiak; eta Alicia Rey, Huescako Udalaren Liburutegi Koordinaziorako Zerbitzuaren arduradunak. Saio honetarako izen-ematea urriaren 15era arte egongo da zabalik hiru erakunde antolatzaileen web orrietan.
Urriaren 24ko jardunaldiari amaiera emateko, Maria Zaragoza idazleak, 2022ko Azorin eleberri saria jaso duenak, Udal Liburutegi Nagusian (San Jeronimo kalea) parte hartuko du La biblioteca del fuego liburuaren inguruko literatur solasaldi batean, 19:00etan.