Pala txapelketa antolatuko dute 'Gero arte frontoia' festaren baitan
Donostiako Udalak Antiguako pilotalekuaren harmaila berritzeko lanak hasiko ditu azaroaren 6an, irailerako aurreikusita zeuden arren. Lanen atarian, baina, auzotarrek azken agurra eman nahi diote azpiegitura zaharrari eta urriko azken astebururako ekitaldiak prestatzen hasiak dira dagoeneko. Gero arte frontoia festaren baitan pala txapelketa mistoa antolatu dute, eta partidak egingo dituzte urriaren 25, 26 eta 27an. Izen ematea urriaren 22ra arte luzatu dute, bost euroko kostua izango du eta bakarkakoa beharko du izan, ondoren “zozketa bidez” osatuko direlako bikoteak.
Horrez gain, buruhandiak aterako dituzte kalera eta hainbat kirol eta musika ekitaldi antolatu dituzte. Besteak beste, txaranga, bazkaria, haurren krosa eta harri jasotzaileak izango dira pilotalekuko ospakizunean.
Pilotalekuaren zaharberritze lanak
Donostia Kirolaren arabera, 259 eserleku izango ditu harmaila berriak, eta egun dituen hormigoizko lau mailari, beste sei jartzeko aukera egongo da sistema erretraktil baten bidez. Horrez gain, harmailen azpian hainbat objektu biltegiratzeko sarbide mugatuko espazio bat jarriko dute, eta Alfonso XIII.a plazatik Mikel Laboa parkeren aurrealdera dagoen pilotalekurako egungo alboko sarbidea lekuz aldatuko dute. 2021eko aurrekontu parte hartzaileetan boto gehien jaso zituen proiektua da eta hamabi asteko epean egingo dira lanak.