Sagardo Egun Feminista egingo dute larunbatean Altzako Harria parkean
Ekialde Barrutiko berdintasun lantaldeak Sagardo Egun Feminista antolatu du larunbatean (hilak 22), Altzako Harria parkean. Emakume sagardogileei aitortza egingo diete 12:00etatik aurrera, eta trikitia, bertsoak eta sagardo dastaketa izango dira.
Bestalde, Ekialdeko Barrutiko emakumeentzako jabekuntza eskolak prest du udazkeneko programazioa. Besteak beste, batukada feminista saioak izango dira urrian, azaroan eta abenduan; iturgintza tailerra egingo dute azaroaren 4an eta 11n; emakume ijitoen historiari buruzko hitzaldia eskainiko dute urriaren 24an eta Andrea Momoitoren Lunatica liburuaren aurkezpen solasaldia egingo dute azaroaren 8an.
Izen emateak zabalik daude, eta jabekuntza.ekialde@gmail.com helbidearen bidez edo 623-30 71 59 zenbakira deituz egin daitezke.