Turistifikazioaren aurka egingo duten manifestazioarekin bat egin dute hainbat elkarte eta gizarte mugimenduk
Bizilagunekin plataformak manifestazioa antolatu du urriaren 22an, 12:00etan, Turistifikazioaren Aurkako Urrian antolatutako jardueren artean. Alderdi Ederretik abiatuko da manifestazioa. “Mobilizazio honen helburua da Donostiaren turistifikazioari stop esan eta desazkunde turistikoaren beharra aldarrikatzea”, azaldu dute. Hiriko ia 30 elkartek eta taldek babesa eman diote manifestazioari, eta bertan parte hartzera dei egin dute.
Bizilagunekin plataformako kideen ustez, turismo jardueraren gehiegizko hazkundeak “erabat” baldintzatzen du hiri eredua, “eta horren froga da manifestazioari atxikimendua eman dioten taldeen aniztasuna: auzo elkarteak, gazte taldeak, feministak, sindikatuak, ekologistak, elkartasunekoak, ondare arkitektonikoaren babesekoak…”.
Adierazi dutenez, “desazkunde turistikoaren norabidea hartu eta donostiarrak erdigunean jartzeko hiri eredua aldatzeko beharra larria da”. Bizilagunekin batera, gaia lantzeko, eztabaidatzeko, antolatzeko eta Donostia donostiarren eskuetan hartzeko unea dela uste dute.
Honakoak dira manifestazioari atxikimendua eman dioten taldeak: Alde Zaharreko Gazte Asanblada (AZGA), Ancora, CC.OO. sindikatua, Donostiako Bilgune Feminista, Donostiako Herritarren Harrera Sarea, Egia Bizirik auzo elkartea, Egian Bizi, Eguzki talde ekologista, Ehun mugimendua, ELA sindikatua, Ernai gazte antolakundea, ESK sindikatua, Gaur Geroa Duintasuna Pentsionistak, Haritzalde naturzaleen elkartea, Heriz plataforma, Intziri neska* gazte taldea, Kaleko Afari Solidarioak, Kaleratzeak Stop Donostialdea, LAB sindikatua, Mugarik gabe, Ondare SS, Parkea Bizirik, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Piztu Donostia, Satorralaia metroaren aurkako mugimendua, SOS Manteo, Steilas sindikatua eta Uliako Auzo Elkartea.
Mahai ingurua
Turistifikazioaren gaiarekin lotuta, Bizilagunekin plataformak mahai ingurua antolatu du gaur (urriak 18), 19:00etan, Okendo kultur etxean. Donostiako turistifikazioa eta etxebizitzaren arazoa izango dituzte mintzagai, eta egoera aztertu eta proposamenak egiteko aukera izango da.