Atotxarrekako autobus linearen probaldia luzatuko dute, baina erabilera datuak ez dira onak
Añorgako Atotxarreka auzunera igotzen den Dbusen autobus linearen (47) inguruko datuak eman zituen Olatz Iartza Mugikortasun zinegotziak Espazio Publikoaren, Obraen eta Hiri Zerbitzuaen udal batzordean, eta aitortu zuen ez direla onak, El Diario Vasco egunkariak jaso duenez. PPren interpelazio bati erantzunez eman zituen azalpenak, eta linearen probaldia luzatuko dutela jakinarazi zuen, udako oporralditik kanpo lineak zer erabilera maila duen ondo neurtzeko.
Gogoratu behar da mikrobus linea hori uztailean jarri zutela funtzionamenduan, inguruko bizilagunek hainbatetan eskatu ondoren eta horren truk Urgullera igotzen zen mikrobus linea kenduta. Gerora, irailean, linearen ibilbidea luzatu zuten, Atotxarreka eta Añorga Txiki lotzeko, eta ibilbide hori egiten jarraitzen du. Hala ere, probaldian jarraitzen du lineak, eta erabilera datuak kontuan izango ditu udalak mantentzea, murriztea edo kentzea erabakitzeko. Halaber, Urgulleko linea kendu izanaren inguruan, Iartzak esan zuen Historiaren Etxeko bisitak beste urteetako berak direla, eta bizilagun batzuei zerbitzua ematen dien linea bat “ludikoagoa” den beste baten aurretik lehenetsi behar dutela.
Aldaketak Dbusen
Dbusekin jarraituz, azken hilabeteotako hiriko zirkulazio aldaketen eta pilaketen ondorioz izandako atzerapenak eta bestelako arazoak direla eta, Dbusek hainbat linearen ibilbide aldaketak iragarri zituen joan den astean. Hain zuzen ere, atzo (hilak 18) sartu ziren indarrean. Bestalde, maiztasun aldaketak ere egingo dituzte, azarotik aurrera.
Aldaketa hauek sartu ziren indarrean atzo: 5 linea (Bentaberri) 09:00etatik 20:00etara ez da Matia kalean sartuko, eta Zumalakarregi eta Tolosa hiribideetatik egingo du bidea. 8 lineak (Gros-Intxaurrondo) Bulebarreko 15. zenbakian egingo du azken geldialdia, 19.ean beharrean. 9 linea (Egia-Intxaurrondo) Okendon amaituko da aurrerantzean, eta Bulebarreko geltokia ezabatu egingo da. 14 lineak (Bidebieta) Nafarroa hiribidetik egingo du ibilbidea hemendik aurrera. Hortaz, jada ez da Galtzada Nagusitik igaroko. 16 lineak (Igeldo) Okendotik Bulebarrera aldatuko du azken geltokia, eta kontrakoa egingo du 42 lineak (Aldapa-Egia). Azken horretan, gainera, Kursaaleko geltokia Kolon pasealekura lekualdatuko da. Amaitzeko, 31 lineak (Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza) pixka bat atzeratuko du Askatasunaren hiribideko geltokia, 3. zenbakitik 15era.