Dbizik emaitza onenak lortu ditu irailean
Donostiako bizikleten alokairurako sistemak,emaitza onenak izan ditu irailean, 2020ko abenduan Dbusen bizikleta zerbitzua jarri zenetik. Guztira, 114.335 bidaia egin dira hil horretan, aurreko urteko hilabete berean baino 30.426 bidaia gehiago. Orduan, 83.909 bidaia erregistratu ziren eta geroztik, zerbitzuaren erabilerak %36 egin du gora.
Erabileraren gorakadak, zerbitzuaren zabalkunderekin bat egin du. Zehazki, 21 geltoki berri jarri ziren martxan uztailean, auzo batzuetako—Altza, Bidebieta eta Añorga— zerbitzua indartzeko. Geltokiak ez ezik, bizikletak ere ugaritu egin dira azken hilabeteotan. Udan, 257 bizikleta elektriko gehiago sartu zituen zirkulazioan udaleko Mugikortasun eta Garraio zerbitzuak erabilera errazteko. Hain zuzen, zerbitzu horretako buru Olatz Iartzak azaldu duenez, “agerikoa da Donostiako hiritarrek begi onez ikusten duten zerbitzua dela, oso ondo ondo baloratzen dutena eta pixkanaka sendotzen ari dena”.
Era berean, azaldu dutenez, udako datuek bizikleten zerbitzua finkatu dela berresten dute. Ekainean, uztailean eta abuztuan 244.200 bidaia erregistratu ziren, iazko hilabete berdinetan baino %8 gehiago. Sistemak gainera, 10.000 abonatuko langa gainditu du eta 10.879 abonatu dira egun. Geltokiei dagokienez, Bretxakoa (8.072), Mirafloresko markesaren kalekoa (7.536), Kristina infantakoa (7.225), Udaletxekoa (7.024) eta Easokoa (6.854) dira erabilienak.