Donostia moda jaialdiaren edizio berriak hurbileko moda bultzatu nahi du
Urriaren 25etik 28ra bitarte Donostia Moda udazken-neguko jaialdia ospatuko da lurraldeko sortzaileak bultzatzeko. Hala, 50 euskal marka eta diseinatzaileren proposamenak aurkeztuko dira Balenciaga eta San Telmo museoetako pasareletan, estatuko eta nazioarteko moda enpresez gain. Kutxa Fundazioaren zuzendari nagusi Ander Aizpuruak azpimarratu duenez, bertako diseinatzaileen aldeko apustua da, “moda geldoaren aldekoa, moda iraunkorraren aldekoa eta gure inguruan enplegua sortzearen aldekoa”.
Aurtengo programazioak, bost kokaleku eta hogei hizlariren parte hartzea izango du, baina desfileak izango dira beste behin, jaialdiaren jarduera bereizgarriak. Asteazkenean, hilak 25, pasarela ezarriko dute Loiolako Erriberan, Urumea ibaitik gertu, hiriko hogei moda enpresaren parte hartzearekin. “Donostiako tokiko merkataritzari balioa eman nahi diogu, egunero auzoa eta hiria egiteko lan egiten duenari”, azaldu du Marisol Garmendia Donostiako Ekonomia eta Enplegu zinegotziak. Ostegunean, Getariara lekualdatuko da jaialdia, Isabel Sanchisek eta Kutxa Fundazioak desfileak egingo baitituzte Cristobal Balenciaga Museoan. Ostiralean, hilak 27, Garberan egingo dute pasarela eta azkenik, sei moda erakustaldi egingo dira San Telmon, larunbatean, hurbileko moda ezagutarazteko.
Desfileez gain, moda jasangarriaren inguruko jardunaldi bat egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuak hilaren 26an, eta bi egun geroago, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatutako ‘Los Premios de la Moda de Euskadi’ ekitaldiaren laugarren edizioa ospatuko da San Telmon.