Euskal film laburren maratoia prestatu dute, lehenengoz, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako
Sebastien Vanice zuzendariaren Vermin: La plaga (Frantzia, 2023) filmak inauguratuko du 34. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, urriaren 27an. Antzoki Zaharra izango da jaialdiaren egoitza nagusia, eta hasiera eta bukaera bertan emango zaio jaialdiari. Junta Yamaguchiren Atrapados en un bucle infinito filmak emango dio amaiera, azaroaren 3an.
Jaialdian zehar, aurtengo beldurrezko zinemako film eta film laburrik onenak ikusteko aukera izango da: 32 film eta 38 film labur orotara. Sail Ofizialean 23 film lehiatuko dira, eta guztiak Antzoki Zaharrean proiektatuko dira. Gaur aurkeztu dute jaialdia, eta Josemi Beltran zuzendariak azaldu duenez, honako filmek hartuko dute parte Sail Ofizialean: Vermines (Sebastien Vanicek, Frantzia), River (Junta Yamaguchi, Japonia), Blood (Brad Anderson, AEB) (lehiaketatik kanpo), Brujería (Christopher Murray, Txile-Mexiko-Alemania), Cuando acecha la maldad (Demian Rugna, Argentina), Cuando los amos duermen (Santiago Alvarado Ilarri, Espainia), Devils (Kim Jae-hoon, Hego Korea), Divinity (Eddie Alcazar. AEB) (lehiaketatik kanpo), La ermita (Carlota Pereda, Espainia), La espera (F. Javier Gutierrez, Espainia), The Forbidden Play (Hideo Nakata, Japonia), Founders Day (Erik Bloomquist, AEB), How to Kill Monsters (Stewart Sparke, Erresuma Batua), Malum (Anthony DiBlasi, AEB), Mars Express (Jeremie Perin, Frantzia), La mesita del comedor (Caye Casas, Espainia), Rokya / Hood Witch (Saïd Belktibia, Frantzia), The Sacrifice Game (Jenn Wexler. AEB), Sana / Minna no Uta (Takashi Shimizu, Japonia), Satanic Hispanics (Mike Mendez, Demian Rugna, Eduardo Sanchez, Gigi Saul Guerrero, Alejandro Brugues, AEB), Sleep (Jason Yu. Hego Korea), Vincent doit mourir (Stephan Castang, Frantzia) eta Visitors – Complete Edition (Kenichi Ugana, Japonia).
Bestalde, urriaren 21ean, Bang Bangek saio bikoitza emango du Antzoki Zaharrean, jaialdiarekin lankidetzan. Saio horrek urteko programazioa irekiko du eta 28 Days Later (2002) eta Old Boy (2003) ikusi ahal izango dira.
Donostiako gainerako aretoetan
Viktoria Eugenia Antzokian, gazteentzako saio berezietan, Lonely Castle in the Mirror (2022) animaziozko film japoniarra proiektatuko da, eta Gaztearekin elkarlanean, Karusell (2023) film suediarra. Nazioarteko eta animaziozko film laburren maratoiak eta La ermita filmaren −euskal koprodukzioa− bigarren emanaldi bat ere eskainiko dira antzokian.
Leku horretan bertan, haurrentzako zinema emanaldi bat (Boo Kwai eta museoaren lapurreta, 2022) etaKresala zineklubarekin lankidetza (Tiger Stripes, 2023) izango dira aurtengo jaialdiaren programazioaren osagarri. Tabakaleran She Is Conann (2023) eta Club Zero (2023) film luzeak proiektatuko dira.
Horrez gain, hiru erakusketa biltzen dira programazioan: Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak (Aguilar-Haraguchi Bilduma) Okendo Kultur Etxean, Japonia Fundazioaren eta Euskadi Japonia 2023ren laguntzarekin antolatua; Bruixes –Sorginak –Brujas. Akelarre ilustratua Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo); eta Sorgin seinalea (Gregorio Muro Harriet & Daniel Redondo) Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder), Euskadi Fantastikoaren hemeretzigarren edizioan.
Euskal film laburren maratoia
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean lehen aldiz gozatu ahal izango da euskal film laburren maratoiaz. Maratoi hau “Zinemaldi paralelo bat” izango dela azaldu du Beltranek, eta lehiaketatik kanpo egongo da. Honako film laburrak proiektatuko dituzte: Betizu Buru (Kim Maiteny Muñoa), El ente (Carlos Navajas), Hado (Rubi Rock), Hitza eman nion (Ekaitz Bertiz), Mundu berri bat (Mikel Alvarez Sarriegi), Nada de nada (Gaston Haag), No hay que hablar con extraños (Imanol Ortiz), Normas de higiene (Amaia San Sebastián) eta Sisifo (Xabier Eizaguirre). Film labur horiek guztiak aurtengoak dira.
Sarrerak eta abonuen salmentak
Urriaren 20an, ostiralean, 11:30ean jarriko dira salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan, eta presentzialki bakarrik eskuratu ahal izango dira. Urriaren 23an, astelehena, sarrera solteak jarriko dira salgai, ordu berean, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kultura webgunean.
34. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen inguruko informazio osoa hemen ikus dezakezue.