Hiriko hainbat gune itxiko dituzte, haizea eta olatuak direla eta
Eguraldi txarra dago iragarrita datozen orduetarako, eta, ondorioz, hainbat neurri ezarriko ditu Donostiako Udalak hirian. Goizeko 10:00etatik 15:00ak arte, alerta laranja ezarriko dute. Olatuei dagokienez, alerta laranja ezarriko dute gaur (hilak 20) eta bihar.
Horrela haizearen ondorioz, Gladys Enea parkea, Oroimenaren parkea eta Serafin Baroja parkea guztiz itxiko dituzte, eta Aiete, Urgull eta Miramar parkeetan itxiera partzialak egingo dituzte. Hain zuzen ere, Aieten soilik Topalekura eta kultur etxera doazen sarbideak irekita egongo dira, Urgullen Orixe Ikastolarako sarbidea baino ez da irekita egongo eta Miramarren Loretopea eta Mirakontxa lotzen dituen bidea izango da irekita egongo den bakarra. Era berean, Santa Klara uhartera joateko garraio eta bisita zerbitzuak etengo dituzte. Neurriak ostiral osoan mantenduko dituzte.
Bestalde, olatuak direla eta, Pasealeku Berria erabat itxiko dute gaurko (hilak 20) 12:00etatik aurrera, eta Udaltzaingoak eskatu du ibilgailuak bertan aparkatuta dituztenek, ahal izanez gero, kendu ditzatela. Era berean, Leizaola pasealekurako sarbidea (Zurriolako espigoia) eta Haizearen Orrazirako sarbidea ere erabat itxita egongo dira.