Turistifikazioaren aurkako bide berriak, etxebizitza eskubidea defendatzeko
Bizilagunekin plataformak antolatuta, mahai ingurua egin zuten atzo, Groseko Okendo Kultur Etxean turistifikazioak etxebizitzan duen eragina lantzeko. Desazkundea lortzeko bizilagunen plataformak “hiriaren arazo nagusia” hizpidera ekarri nahi izan zuen eta kolektibo askotariko kideak bildu zituen Euskal Herriko ikuspegi orokorra eskaintzeko. Bilkuran, turismoak eragindako espekulazioa eta negozioaren bilakaera azaltzeaz gain, erresistentzia bideak ere partekatu zituzten.
Pantailaren beste aldean, Bartzelonatik streaming bitartez, Haritik Hirira taldeko kide Josu del Campok, zenbakien bitartez azaldu zuen Donostiako etxebizitzaren aferarekin izan duen bilakaera. Ondoren, Ainize Butronek, Alda kolektiboko kideak, hartu zuen hitza, Ipar Euskal Herrian egin diren erresistentzia mugimenduen berri emateko. Mahai inguruarekin jarraitu zuen Rosa Garzia Kaleratzeak Stop plataformako kideak, Donostiako etxebizitzetako ohitura eta jabetzen aldaketa agerian jartzeko. Bukatzeko, Egiako testuinguruan kokatu zuen turistifikazioa Jon Barandiaran Egian Bizi kolektiboko kideak.
Airbnb-ren mehatxua
Egungo turistifikazioa ulertzeko, Airbnb etxebizitzen bilakaera ezagutzea “ezinbestekotzat” jo zuen Del Campok. Azaldutako datuen arabera, gero eta gehiago dira erabiltzaile profesionalen jabetzak. “Profesionalak %21 izatetik, %27 iritsi dira bost urtean”, eta bereziki, Gipuzkoan errotutako enpresek osatzen dutela azaldu zuen Del Campok. Bere hitzetan, Donostiako mapa aztertuz gero, bistakoa da etxebizitza turistikoen kantitatea ez dela batere “homogeneoa” eta azken urteetako hazkundeak desoreka hura handitu duela: “Hiriko auzo guztietara iritsi den arren– Altza, Martutene, edo Añorga auzoetan topa ditzakegu–, eskaintzaren gehiengoa erdigunean kokatzen da —hala nola, Parte Zaharrean, Erdialdean eta Gros auzoan—”. Era berean, egonaldien prezioak nabarmen egin du gora —bataz bestekoa Madril eta Bartzelonakoen gainetik kokatu da— eta erdiguneko auzoen espekulazioa eta presioa areagotu du, bereziki.
Egoera horren aurrean, New Yorkek Airbnb plataformari aurre egiteko hartu duen neurria jarri ditu mahai gainean, etxe orratzen hirian egin den moduan, legez kanpoko etxebizitza turistiko guztiak kanpo geldituko balira, 1.222 etxebizitza turistiko galduko lituzkeelako Donostiak.
Aldaren erresistentzia
New Yorkeko erresistentzia neurriei batu zitzaizkien Alda kolektiboko Ainize Butronek azaldu zituen irtenbideak. Ipar Euskal Herrian “antzeko hazkundea” izan du turismoak , eta “konpentsazio neurriak” ezarri behar izan dituzte. Hala, pertsona batek etxebizitza bat alokairuan jarri nahi badu, “auzo berdinean eta merkataritza baterako baliatua behar duen beste etxebizitza bat sortu behar du”. Orduz geroztik, “odolustea” etetea lortu dute eta Hirigune Elkargoak ez du Airbnb etxebizitza jartzeko eskaerarik izan, baina oraindik “bidea” dute egiteke. Horiek horrela, bigarren etxebizitzekin amaitzeko epe zehatz bat ezarri diote elkargoari, denbora tarte horretan neurriak jarri ezean, “legez kanpoko okupazio indartsuak” abiatuko dituztela ohartarazita.
Donostiarren begietatik
Rosa Garzia Kaleratzeak Stop plataformako kideak eta Egia Bizirik taldeko Jon Barandiaranek Donostian ematen ari diren aldaketa horiei aurre egiteko topatu dituzten irtenbideak azaldu zituzten. Lehenak, alokairuaren espekulazioak eta prezioen gorakadak “langileen auzoetako familiak gero eta leku txikiagotan pilatzea” eragin duela baieztatu zuen. Negozioak, halaber, putre funtsen agerpena (Bentaberriko plazan kasu), eta luxuzko etxebizitzak sortzeko eraldaketa bultzatu duela zioen.
Donostiako Udalak halako egoerak galarazteko izan duen “axolagabekeria” nabarmenduta, herritarrek beren kabuz hartu behar izan dituzten irtenbideak aipatu zituen bigarrenak. Hala, erabilera turistikorako etxebizitzak salatzen hasi dira Egian, eta bizilagunekin hitz egiten, beren komunitateetan halakoak sortzea debekatzeko. “Ahoz ahoko propaganda lana egin dugu bereziki, baina 2.000-3.000 laguni zabaltzea lortu badugu, bada zerbait”, adierazi zuen Barandiaranek.