Derbi asteburua Realarentzat
Derbia da denboraldiko zita garrantzitsuenetako bat realzaleentzat zein athleticzaleentzat, eta igandean dute zita hori Realeko neskek, Bilbon. Parekatuta iritsiko dira bi taldeak partidara, zortzigarren sailkatuak baitira txuri-urdinak, eta hamargarrenak zuri-gorriak. Natalia Arroyoren neskak maila onagoa erakusten ari direla esan daiteke, baina derbiak bereziak dira, eta, beraz, gogor borrokatu beharko dira txuri-urdinak.
Mutilei dagokienez, Mallorcaren aurka jokatuko dute etxean larunbat eguerdian, eta ez litzateke partida zaila izan beharko Imanol Alguacilen taldearentzat. Izan ere, txuri-urdinak Europako postuetan eta bolada on batean murgilduta dauden bitartean, balearrek gertu ikusten dituzte jaitsiera postuak. Bestalde, nabarmentzekoa da Realak ez duela estadioan Palestinako banderak eramatea galarazteko asmorik, berriki Ipuruan (Eibar, Gipuzkoa) gertatu den moduan.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek oraindik ez du porrota ezagutzen denboraldi honetan, eta bide horretatik jarraitu nahi du, igandean Gironaren etxean irabazita; faboritoak dira donostiarrak, ligako bigarren sailkatuak baitira, katalanak hamargarrenak diren bitartean. Bestalde, Gipuzkoa Basketek pasa den astean abiatutako garaipenaren bidetik jarraitu nahi du igandean Oviedori irabazita.
Eskubaloian, lidergoa sendotu nahi du Bera Berak, eta horretarako aukera izango du larunbatean. Etxean jokatuko du Beti Onak taldearen aurka, eta partida erraza izan beharko litzateke donostiarrentzat, sailkapeneko beheko postuetan baitago Beti Onak.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek zein neskek Huarteren aurka jokatuko dute etxean, larunbatean. Neskak euren ligako liderrak dira, jokatutako lau partidak irabazita, eta bide horretatik jarraitu nahi dute. Mutilei dagokienez, bigarrenak dira euren ligan, eta jokatutako lau neurketetako hiru irabazi dituzte; Huarteri irabaziz gero, lidergoarengatik borrokatu dezakete.
Belar hockeyan, Realak aurkari zuzen baten aurka jokatuko du, Sanse Complutenseren aurka. Txuri-urdinak ligako seigarrenak dira, eta madrildarrak zazpigarrenak.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Athletic — Reala (igandea, 22, 12:00etan)
Gizonezkoen liga, 10. jardunaldia
- Reala — Mallorca (larunbata, 21, 14:00etan)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Girona — Ibaeta Basket (igandea, 22, 18:15ean)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 3. jardunaldia
- Oviedo — Gipuzkoa Basket (igandea, 22, 12:00etan)
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 7. jardunaldia
- Bera Bera — Beti Onak (larunbata, 21, 18:00etan)
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 5. jardunaldia
- Txuri Urdin — Huarte (larunbata, 21, 21:30ean)
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Txuri Urdin — Huarte (larunbata, 21, 14:30ean)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 7. jardunaldia
- Sanse Complutense — Reala (igandea, 22, 12:30ean)