Donostiafrenia

Egoera honakoa da: turistaz beteriko gurutzaontzi bat Donostiara iristen da, pozaren pozez, Parte Zaharreko Pintxolandaz gozatzeko, Kontxa, Haizearen Orrazia eta Urgull mendia bisitatzeko gogoz. Ordea, donostiarrek, goia jo duen turismoaren kalteez nazkatuta, protesta eginez egiten diete ongietorria kaian. Donostiar talde bat harago doa, eta San Tomas eguna dela aprobetxatuta, baserritarrez jantzita murgiltzen da Parte Zaharrean dabilen jendetzaren artean, eta parrandan dabiltzan turista horiei eraso egiten diete. Hainbat hildako eragin dituzte, modu odoltsuan, eta txistorra pintxoekin nahastu dira turisten estekiak.
Lasai, ez da halakorik gertatu eta ez da gertatuko. Gurutzaontziarena kenduta, gainontzekoa fikzioa da, eta Alex de la Iglesiaren Veneciafrenia filmean gertatzen da: aldatu Donostia Veneziarengatik, San Tomas eguna Veneziako inauteriengatik eta baserritar jantziak maskara veneziarrengatik. «Turistak. Mende honetako benetako izurria dira», diote erasotzaileek.
Donostia ez da Veneziaren egoera jasanezinera iritsi, baina mugarik ezarri gabe batek daki noraino iritsi daitekeen hiri honen turistifikazioa. Eta turismoa ez du herritar talde ero batek erregulatu behar, erakundeek erregulatu behar dute.