Egun bat gehitu diote Kutixik jaialdiari, Sei Sega, Kotoi eta Chuleria, Joder! taldeekin
Letaman gaztetxean azaroaren 3an punk kontzertuak antolatu dituzte, eta azaroaren 4ean, "festa-ostea" iragarri dute, Telmo Trenor eta Lamia Mari DJ-ekin Bukowskin.
Kutixik jaialdiaren behin betiko kartela aurkeztu du Balio Dute kolektiboak, egun berri bat gehituz. Egun handia azaroaren 4a izango den arren, bezperan, gaualdi berezia antolatu dute Intxaurrondoko Letaman gaztetxean. Azaroaren 4an, gainera, festa-ostea antolatu dute Bukowskin Telmo Trenor eta Lamia Mari DJ-ekin.
Kolektiboak azaldu duenez, motz geratu ziren egun bakarrarekin, eta miresten dituzten talde batzuei tartea egiteko, eta hiriko gaztetxeek duten garrantzia nabarmentzeko gehitu dute azaroaren 3ko eguna. Ohartarazi dutenez, ordea, bi egunak independenteak izango dira. Azaroaren 4ko sarrerak Donostia Kulturaren webgunean erosi ahal izango dira, eta azaroaren 3koak Letamanen, egunean bertan gaztetxean, borondatearen truke.
Punka eta parekidetasunaa
Gizon eta emakumeen presentzia desorekatuaz kezkatuta antolatu dute azaroaren 3ko eguna. “Hiru taldeak dira punk taldeak, eta hiruetan aritzen dira emakumeak”, azaldu dutenez.
Sei Sega aurten sortu den Bilboko punk taldea da. Vulk, Tatxers eta Serpiente taldeetako kideek osatzen dute, eta EP bat kaleratu dute Bilbo eta euria. Bandcamp orriak uztailean argitaratutako munduko punk lan hoberenen artean hautatu zuen. Kontzertu bakarra eman du taldeak oraingoz, eta Donostian ikusteko lehen aukera izango da honakoa.
Sei Segako kide diren Jon Salinasek eta Elena Nuñezek bikote formatuan sortu dute, aurten ere, Kotoi taldea. EP zoragarri bat kaleratu zuten maiatzean, eta orain, kanta berriak prestatzen ari dira.
Hirugarren taldea Chuleria, Joder! bizkaitarrak izango dira. Euren lehen lana grabatzen ari dira azken asteotan, baina bitartean hainbat kontzertu indartsu ari dira eskaintzen ari Bizkaian zehar.
Kutixik, bigarrenez
Balio Dute kolektiboak bigarrenez antolatu du jaialdia Donostialdeko taldeen protagonismoa eta “euskal eszenako gutiziak” uztartuz. Kolektiboak azaldu duenez, autogestioan oinarritutako taldeen elkargune bat izatea nahi dute, “merkatu logikatik urruntzen den eszena sustatuz, beti ere euskaratik eta euskaraz”. Azaroaren 4an izango da jaialdia, Intxaurrondoko kultur etxean.
Azaroaren 4an arituko dira kolektiboko Pelax eta Nakar talde donostiarrak eta Ginger zarauztarren punk feminista. Aurten kanpoko gonbidatuak honakoak izango dira: Peio Erramousperen kraut synth-popa oinarri duen Haira proiektua, eta Mungiatik datorren TOC taldearen rock malenkoniatsua.
Pelax taldea ezaguna da hirian; Unai Pelayok sortutako bandara laster batu ziren Iker Vazquez, Andoni Olaetxea eta Iñigo Ozaeta. 2019an kaleratu zituen taldeak bere azken bi lanak: AB eta DE, rock progresiboko lanak. Bere lan berria prestatzen ari dira, eta Kutixik jaialdia erabiliko dute euren kantak aurkezteko.
Kolektiboko kide den Nakar taldea ere arituko da bertan. Aurten sortu den talde donostiarrak ez du oraindik lanik kaleratu, Gaztea irratian egindako zuzeneko bideoa salbu. Euren lehen lana grabatzen ari dira, eta jaialdian aurkeztuko dute haiek ere.
Berrikuntzak
Iaz abiatu zen lehen aldiz jaialdia, eta izandako “arrakasta” kontuan hartuta, errepikatzea erabaki dute. Iaz Balio Dute kolektiboko Muare, Gilda, Neu Troia eta Mihise aritu ziren, eta gonbidatu gisa, Lumi eta Joseba B. Lenoir.
Azaroaren 4ko sarrerak salgai daude Donostia Kulturako web orrian, 15 euroan. Azaroaren 3koak egunean bertan jarriko dira Letamanen, aretoa bete arte.