'F edo zurekin izan nuen azken ravea' lanak irabazi du Poltsiko Antzerkiaren sorkuntza saria
Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena sustatzen ditu Poltsiko Antzerkia jaialdiko sorkuntza sariak, eta 2024ko irabazleen berri eman du: lehen saria Maite Aizpuruaren F edo zurekin izan nuen azken ravea antzezlanak irabazi du. Bigarren geratu da Maider Diazen eta Xabin Fernandezen Famiglia obra. Bi lanak 2024ko Poltsiko Antzerkia jaialdian estreinatuko dira.
F edo zurekin izan nuen azken ravea lan kolaboratibotzat har daiteke, Maite Aizpuruaren zuzendaritzapean hainbat artista elkartu baitira: interpretazioa eta dramaturgia Aizpuruak berak eta Intza Alkainek sortuko dute, eta testuetan Mejillon Tigre kolektiboaren parte hartzea izango dute. Matxalen de Pedro eta Edurne Azkarate ere bidelagun izango dituzte. Laguntasunaren gaia ardatz duen ikerketa artistikoa da, poesia, performancea eta umorea nahasten dituena.
Famiglia lana, bestalde, komedia beltz bat da. Familia arteko harremanak ditu protagonista, baina baita belaunaldi arteko aldeak edo gizarteak ezarritako presioak ere.
Proiektu irabazleak 5.500 euroko saria jasoko du (2.500 euro proiektua garatzeko eta ekoizteko, eta 3.000 euro emanaldiengatik); 4.500 euro, berriz, bigarren sarituak (2.000 euro proiektua garatzeko eta 2.500 euro emanaldiengatik).