«Minbizia ez da arrosa, marroi bat da»
Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna izan zen atzokoa, hilaren 19a, eta Iñurri elkarteak elkarretaratzea egin zuen Bulebarrean, egun horren bueltan “zuriketa arrosa” egin ohi dela salatzeko: “Bularreko minbizia ez da arrosa. Milioika emakumerentzat marroi bat da, diagnostikoa iristen zaigunean aurre egin behar diogun amildegi iluna. Ez egun honetako jai giroak, ez nonahi ikusten diren zinta arrosek, ez minbiziak jotako paziente eta gaixoen erantzukizunean oinarritutako kanpainek ez dute laguntzen”.
Horrela, nabarmendu zuten gizarte osoaren arazoa dela minbiziarena: “Minbizia pandemia bat da. Ez da arazo indibiduala, gure istorioak indibidualak dira, baina gaixotasun hau arazo kolektiboa da, gizarte osoarena. Inor ez dago salbu. Bularreko minbiziaren zifrek Osasun Publikoko krisi baten aurrean gaudela esaten digute. 2022. urtean Hego Euskal Herrian 2.213 bularreko minbizi kasu berri diagnostikatu ziren, horietatik %21,59 (478 emakume) 50 urtetik beherakoak ziren. Urtean 35.000 bularreko minbizi kasu berri baino gehiago diagnostikatzen dira Espainiako Estatuan. Zortzi emakumetik batek bularreko minbizia garatuko du bizitzan zehar. Euskal Autonomia Erkidegoan, bularreko minbizia da tumore gaizto ohikoena, eta emakumezkoen artean heriotza gehien eragiten dituena, Eusko Jaurlaritzak 2018an argitaratutako azken txostenaren arabera, 2013-2017 tarte bitartean, 1.686 emakume hil ziren bularreko minbizia zela eta. Espainiako Estatuan, 6.528 emakume hiltzen dira urtean, bularreko minbiziaren ondorioz”.
Horregatik guztiagatik, zuriketa arrosak min egiten diela salatu zuten: “Mindu egiten gaitu enpresa batzuek bularreko minbizia izateko arriskua areagotu dezaketen produktuak edo zerbitzuak sustatzeko erabiltzen duten irudi arrosa garbitzeak. Mingarria egiten zaigu ikustea nola babesten diren sustapenak, ekitaldiak, ikuskizunak… diru kopuru handiak biltzen dituztenak eta soilik zati txiki bat bularreko minbiziari buruzko ikerketara bideratzeko edo bularreko minbiziaren tratamenduan zehar laguntza eskaintzeko”.
Ildo horretatik, “premiazkotzat” jo zuten gaixotasuna gehiago ikertzea: “Kontua ez da minbizitik bizirik ateratzea soilik, bizirautea ez da helburua. Bizitzea da kontua, gure bizi itxaropena, gaixoen eta gaixo onkologikoen bizi kalitatea hobetzea. Ikerketa, tratamendu farmakologiko berritzaileak, ariketa fisikoak, elikadurak, fisioterapiak eta bestelako tratamendu osagarriek funtsezko eginkizuna duten ikuspegi integratiboa; Osasun Publikoan baliabide, prestakuntza eta aurrekontu nahikoekin artatzen ez duten profesionalak; baliabide teknologikoen hornidura eta baliabide horien erabilera egokia… horiek dira guretzat bizitzearen eta ez bizitzearen arteko aldea”.
Eskaera ugari
Hainbat eskaera zehatz egin zituen Iñurri elkarteak elkarretaratzean: Mediku profesionalek (onkologia, ginekologia eta kirurgia) informazio argia eta ulergarria ematea uneoro; mastektomiaren ondoren, bularra berreraikitzeko aukerari buruzko informazio nahikoa eta argia jasotzea; kalitatezko ikerketa publikoa bermatzea, bularreko minbizi metastasikoan enfasia duena; estatuko Osasun Sisteman sendagai berritzaileak sartzeari lehentasuna ematea; minbiziaren tratamendurako erreferentziazko zentroetarako sarbidea eta lurralde banaketa bermatzea; finantzaketa lerroak egotea onkologia tratamenduen albo ondorioak arintzen dituzten sendagaiak, baliabideak eta tratamenduak finantzatzeko, eta minbiziak jotako pazienteen eta gaixoen bizi kalitatea hobetzeko; ospitale eta zentro guztietan arreta sozialeko, ariketa fisikoko, nutrizioko, fisioterapiako, psiko-onkologiako, ginekologiako, sexologiako, zainketa aringarrietako, minari arreta emateko eta laguntzaile zein zaintzaileentzako arreta integraleko eta diziplina anitzeko tratamenduei ekitea; osasun zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa egotea; neurri legalak ezartzea lan eremuan, pazienteek eta gaixoek parte hartze handiagoa izatea zuzenean eragiten dieten osasun politikak planifikatzeko eta erabakitzeko prozesuetan; protokolo gardenak eta bateratuak egotea; onkologia zerbitzua profesional aldaketa eska daitekeen espezialitateetako bat izatea; bularreko minbiziaren behaketaren adina murriztea eta bularreko unitate guztiek tratamendu berrien eta indarrean dauden azterketa klinikoen datu base eguneratua izatea.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak elkarretaratzean egindako argazkiak: