Tokiko Erakunde Txikia, argi izpi bat Igeldoren etorkizunean
Igeldoko Herri Kontseiluak «pozgarritzat» jo du udalarekin Tokiko Erakunde Txiki izateko proposamena adostu izana. Aldundiaren erantzunaren zain, itxaropentsu daude, tresna berriak urteetan eskatu duten tokiko kudeaketa ahalbidetu dezakeelako.
Eneko Dorronsoro Igeldoko Herri Kontseiluko lehendakaria da. (Argazkia: Olatz Balda) Azken egunotan bolo-bolo ibili den albistea den arren, ez ditu ustekabean harrapatu Igeldoko bizilagunak. Horrek, baina, ez ditu Tokiko Erakunde Txikiak (TET) sortu dituen zalantzak uxatzen, baina kudeaketa berria «martxan jarri arte, zaila da erantzunak ematea», Eneko Dorronsoro Igeldoko Herri Kontseiluko lehendakariaren aburuz. Pausoz pauso, eta azterketa sakon baten ostean eman dute Tokiko Erakunde Txikia sortzeko urratsa, baina ez dute ahazten urteetako prozesu luze batetik datozela.
1990eko hamarkadatik ez dira gutxi izan Igeldok kudeaketa propioa lortzeko izan dituen saiakerak. 1991n auzoko biztanleen sektore garrantzitsu batek Itxas Aurre plataforma eratu zuen, lehen urratsak emateko. 1994 eta 1995 urteetan egin ziren lehen galdeketak, udalerri independente gisa eratzearen aldeko gehiengoarekin. Azken saiakera 2016ean eten zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, bi urte lehenago, 2014an, erabilitako argudio berdina baliatuta: Gipuzkoan beharrezkoak diren 2.500 biztanle kopuruaren ez betetzea.
Egun, ordea, urrun ikusten dituzte halako gertaerak, eta itxaropen osoa dute TETak ahalbidetzen duen kudeaketarekin. «Igeldotarren egunerokotasunean hobekuntzak izango dituen tresna herritarren esku jartzea guretzako aurrerapauso ona da », azaldu du Dorronsorok. Nolanahi ere, argi du urrats berri honek ez dituela Igeldoko herritarren sakoneko nahiak eta asmoak deuseztatzen: «Une honetan legea eskuetan hartuta ezinezkoa dugu beste bide bat jorratzea, baina horrek ez du esan nahi igeldotarrek beste aukerei uko egiten dietenik».
Egungo kudeaketa eredu berriarekin, ordea, koska bat aurrerago daude gertuko kudeaketatik, besteak beste, udaletik bertatik ateratako proposamena izan delako: «Beraiek bideragarri ikusten dute eta horrek aldundira begira laguntzen gaitu». Udal gobernuaren eta alderdi politikoen borondateaz gain, «teknikariek eskatutako erdibideko babes lana» izan dute prozesu osoan proposamena aurrera ateratzeko. «Denok irabazten ateratzeko gai bat da. Igeldo ondo kudeatuta baldin badago, donostiarrek ere jasoko dituzte onurak», azaldu du Dorronsorok.
Bigarren fasearen mamua
Edorta Azpiazu udaleko zeharkako zerbitzuen koordinatzaile nagusiak pasa den asteartean azaldu zuenez, lau ataletan bereizi dira eskumenak, izan dezaketen konplexutasunaren arabera. Hala, mailetan bereizi dituzte kultura eta kirolaren gaitasunak, eta udalaz gaindiko bitartekaritza eskatzen duten etxebizitza, hirigintza eta ingurumen zerbitzuak, esaterako. Lau ataletan banatutako eskumenak, ordea, bi fasetan lantzea aurreikusi du udalak azken hilabeteotan, eta horrek mesfidantza sortu du Igeldoko bizilagunengan: «Ez dakigu bi faseen sorrerak ez ote dituen ezkutuan muga batzuk». Izan ere, erakundea sortzearekin batera, mantentze lanak eta kultur edo kirol arloko egitasmoak bultzatuko dira. Aldiz, negoziazioetan jarraituko dute, Igeldoko hilerriaren, zaborren, hirigintzaren eta etxebizitzaren alorretan: «Etxebizitzaren gaian adibidez, igeldotarren hitza gutxienez kontuan hartu beharko litzatekeelakoan gaude eta lanketa berezi bat egin beharko litzatekeela Igeldok duen errealitatera egokitzeko». Dena den, udalak aurretik hartutako «konpromisoa» beteko duela uste dutenez, proposamenarekin aurrea jarraitzea erabaki dute.
Eskola zaharraren zaharberritzea
Bizilagunen zalantza asko TETaren aldaketak irudikatzeko zailtasunetik datoz, Dorronsororen iritziz baina «argi» dute herriko plazak izango duela eraldaketa nagusiena. Zerbitzu berriak emateko guneak beharko dituzte, eta «kultur etxeko baliabideekin hasi beharko» diren arren, eskola zaharra izango da kudeaketaren kokaleku berria. «Eraikina hutsik dago, eta legealdiko lau urteetan berritzeko konpromisoa hartu du udalak». Gauzak horrela, udalarekin adostutako hasierako %1aren aurrekontuaz gain, ezohiko inbertsioak izango dituzte egokitzapen lanetarako: «Proposamenean hala zehazten da, baina Igeldori ematen zaion aurrekontuaren zatiak ez du inolako galera sortuko Donostian».
Azpiegituraz gain, jende gehiago izango dute lanean. «Une honetan pertsona bat dugu egun erdiz kontratatua, baina etorkizunean alkatea eta lau zinegotzi egongo dira», azaldu du Dorronsorok. Hala, foru aldundiak erabakiko du batzorde kudeatzaile hura nola osatu. «Nolanahi ere, gure eskaria izango litzateke Igeldoko herritarrek parte hartze ireki baten bitartez aurkeztuko diren hautagaiak izatea».
Gaurdaino egin duten moduan, alkate batekin baino, «taldean» kudeatu nahi dute Igeldo, «eta aldi berean herritar gehiagoren parte hartzearekin batzorde gehiago osatzea». Hain zuzen, herritarren partaidetza ezinbesteko giltzarri bilakatu da prozesu osoan: «Gogoa antzematen da, eta tresna hau denon artean kudeatzeko bultzada daukagu». Hilabete batzuen buruan, galdeketa ez loteslea izango dute herritarren azken hitza ezagutzeko, eta hortik aurrera buru-belarri arituko dira lanean: «Donostiako Udalaren apustu sendoa izanik, aurrera atera behar da.Hori egin ezean denok galduko dugulako».



