«Turismoak jokoz kanpo uzten gaitu gure hirian»
Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu du Bizilagunekin plataformak. Askotariko jarduerak eraman dituzte aurrera: mahai inguruak antolatu, pankarta erraldoiak jarri, eta Parte Zaharraren egoera eta ostalaritzan euskarak bizi duen bazterketa salatu dituzte, besteak beste. Etzi manifestazioa antolatu dute, 12:00etan, Alderdi Ederretik hasita.
Zer helbururekin antolatu dituzue jarduerak urrian zehar?
Elena Ramirez (E.R.): Uda eta garai turistiko gorena pasata, eta beste urte batez hiri honetan turistifikazioaren eragina ikusita, pentsatu genuen ideia ona zela gaia berriro eztabaida publikora eramateko. Orain badirudi erakundeak ari direla turismoari neurria hartzeko diskurtsoarekin, baina salatu nahi duguna da jarraitzen dugula eredu horren ondorioak pairatzen, eta egoera gero eta larriagoa dela.
Asier Basurto (A.B.): Urrian egin diren bi topaketek [Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroak eta Turespañak] jarri ziguten aitzakia, baina gogoa geneukan gai hau piztuta egon zedin uda garaitik eta hauteskunde garaitik kanpo, egunero kaltetzen dituelako donostiarrak.
Turistifikazioari ez zaiola mugarik jarri salatzen duzue.
A.B.: Azken urteotan hartutako hamaika neurrik erakusten dute hori. Bisitarien kopurua izugarri hazi da: %10 inguru urtero. Hotel kopurua ere hazi da, etxe turistikoak, turismoarentzako merkataritza, etxebizitzaren prezioa, hiritik kanporatutako donostiarren kopurua eta abar. Dena igo da. Ez da iritzi soil bat edo lelo bat: datu askok erakusten dute turistifikazio nahiko basati bat bizi izan dugula azken urteotan.
Zein irakurketa egiten duzue erakundeen norabideaz?
E.R.: Badirudi orain erakunde publikoak konturatzen ari direla agian galga bat jarri behar dela, edo turismoa neurri batean mantendu behar dela.
A.B.: Beldur puntu bat sentitu dute ikusi dutenean herritarrentzat gai hau garrantzitsua dela eta ez daudela pozik.
E.R.: Kezka horretatik sortutako keinu bat da, baina praktikan ez da ezer mugatzen. Ditugun ordenantzek ez dizkiote benetako mugak jartzen etxe turistiko berriak irekitzeari, hotel berriak eraikitzeari… Toki zehatz batzuk mugatzen dira, baina arazoa askoz zabalagoa da.
A.B.: Bilatzen ari dira jendea lasaitzea, ez dira ari bilatzen arazoa konpontzea.
E.R.: Hotelei buruzko azken ordenantzarekin ja badirudi oso ausartak izan direla, eta horrekin ja gaia itxita utzi nahi dute.
A.B.: Etxe turistikoen ordenantza atera zutenean gauza bera gertatu zen. Esan nahi dute hori erregulatu dutela eta polemika hori bukatu dela, baina gero zuk datuei erreparatzen badiezu ikusten duzu hazten jarraitzen duela etxe turistikoen kopuruak. Saiatzen dira gai bakoitzean neurri bat hartzen, ez dena batere mugatzailea, eta horrekin konpondutzat ematen.
E.R.: Gainera, ez diote utzi sustapena mugatzeari, diru publikoa turismoaren promoziora bideratzeari, eta abar. Hori guztia egiten jarraitzen dute.
A.B.: Oraintxe Japoniara joan dira erakunde publiko guztietako ordezkari pila bat, eta, noski, joan dira donostiarren eta euskal herritarren zergen diruarekin, hemengo turismo industriarentzat bezeroak lortzeko helburuarekin. Baina ekarriko dituzten bezero horiek kalteak eragingo dizkiete hemengo biztanleei.
Gurean egiten dena kalitatezko turismoa dela diote, horrelakorik baldin badago.
A.B.: Apustua hori da, ez delako hain ikusgarria kaleetan: garbiagoa da, zarata gutxiago egiten du, baina horrek elitizazioa dakar. Gaitasun ekonomiko handiko jendea erakartzen da, horrek prezioen igoera eragiten du gastu orokorrean, eta higiezinen inbertsioak erakartzen dituzte. Horrek donostiarrok askotan jokoz kanpo uzten gaitu gure hirian. Dena igotzen da, eta dena bideratzen da jende hori erakartzera. Orduan, donostiar arruntaren ohiko bizimodua eramatea garestitu egiten da jasanezina bihurtu arte.
Zein da kalean jasotzen duzuen pertzepzioa?
A.B.: Askotan hurbiltzen da jendea, batez ere beraien egoera pertsonaletik bizitako esperientziak partekatzera. Etxe turistikoena, esaterako, oso adibide argia da. Azkenean, herritarren etxebizitzez hitz egiten ari gara, eta bere eguneroko bizitzaz eta bizitza proiektuaz, eta batzuetan ez da oso egoera erraza ondoan etxe turistiko bat edukitzea.
Zein balantze egiten duzue orain arte antolatu dituzuen jarduerez?
A.B.: Oso pozik gaude. Gauza txikiak egiten ari gara, batzuk txikiagoak eta besteak handiagoak, batzuk iragarrita eta beste batzuk sorpresaz. Welcome to pintxoland ekintza egin genuen Parte Zaharreko egoera eta ostalaritzan euskarak bizi duen bazterketa salatzeko, eta sekulako arreta eragin du; jendeari gustatu egin zaio, auzoko jendeari bereziki. Pankarta handi bat jarri dugu Kursaalean, hitzaldi batzuk ere antolatu ditugu eta sareetan ere ari gara kanpainatxoak egiten.
Jende asko hurbildu zaigu eskerrak ematera. Nabaritzen dugu gure pentsamendua partekatzen dutela, eta hor ere uste dut aldaketa handi bat egon dela azken urteotan. Izan ere, duela sei edo zazpi urte saiatu ziren turismoarekin kritikoak ginenok erridikulizatzen eta kriminalizatzen, eta uste dut urteetan zehar donostiarren iritzia garatzen joan dela, eta ulertzen hau ez dela itxikeria kontu bat, baizik eta gure hiriarentzat ekarpen eraikitzaile bat egin nahian gabiltzan jendea garela.
Igandeko manifestazioarekin hiriko hogei eragilek baino gehiagok egingo dute bat, eta hor denetatik dago: auzo elkarteak, ekologistak, feministak, eta abar. Orduan, turistifikazioarena ez da gai sektorial bat. Donostian bizi den jende askok, askotariko ikuspegiak dituenak, nabaritzen du.
E.R.: Bizitzako arlo asko ukitzen ditu.
A.B.: Hiri eredu osoa zeharkatzen du. Horregatik, jende asko sentitzen da kaltetuta eta identifikatua.
E.R.: Turismoa ez da soilik kalean gertatzen dena edo auzo turistiko batean gertatzen dena: gure ingurumena da, gure etxebizitza eskubidea, gure kultur ondarea, giza ondarea, auzoko harremanak eta sare komunitarioak eta abar. Diskurtso ofizialak beti jotzen du «gehiago, hobeto» mezu triunfalista zabaltzera. Baina guk uste dugu hazkundearen ideia hori ez dela horrela, eta horrek hiriko bizitza gero eta zailagoa egiten duela.
Igandean egingo duzue hileko jarduerarik garrantzitsuena: manifestazioa antolatu duzue 12:00etan, Alderdi Ederretik hasita.
A.B.: Saiatuko gara gai honen erakusgarri diren udaletxea, Parte Zaharra eta Kursaala lotzen, eta gure ideiak partekatzen dituzten lagun guztiekin elkartzen, elkar animatzeko. Igandeko manifestazioarekin bilatzen duguna da donostiarrei orokorrean dei bat egitea, bere hiriaren metro bakar bat ere galdutzat eman ez dezaten. Aldarrikatu nahi dugu hamaika aukera daudela antolatzeko, eta txikitik edo bakoitzak bere gaitik hiri eredu honi kontra egin behar diogula denok, eta aktibatu behar garela hor lan egiteko.
E.R.: Azken urteotan Donostian antolatutako hainbat ekimen babesten ibili gara: etxebizitza, hiri eredua, eta abar; eta aurten jo dugu zuzenean turistifikazioa salatzera. Ziur gaude eragile eta herritar asko bilduko direla deialdi horri erantzuteko.
Beste zerbait gehitu nahi duzue?
A.B.: Konponbideari dagokionez, gure ustez abiapuntua da aitortzea eta adostea hiriko indar askoren edo guztien artean turismo jarduerak hirian duen bolumena txikitu egin behar dela. Hortik abiatuta hitz egin dezakegu zein erritmotan, zer neurriren bidez, zer egin gaur egun horretan lan egiten dutenekin eta abar. Desazkunde turistikoarena prozesu bat da gure ustez, baina abiapuntu hori lehenbailehen partekatu behar dugu.