Zaharrean Fest, Parte Zaharreko merkataritza txikia sustatzeko
Zaharrean merkataritza elkarteak Zaharrean Fest jaia antolatu du estreinakoz. Bihar izango da, eta egun osoko egitaraua prestatu dute, ondo pasatzeko ez ezik, herritarrak auzoko dendetan ere erostera animatzeko.
«Bertako jendea Parte Zaharreko merkataritzara erakarri nahi dugu. Azkenaldian, gehienbat turistak ibiltzen dira gure auzoan, eta guk ez dugu gure xarma galdu nahi», azaldu du Zaharrean elkarteko presidente eta Fiori arropa dendako arduradun Miren Olanok. Helburu horrekin, Zaharrean Fest jaia antolatu dute biharko, eta askotariko jarduerak egingo dituzte Trinitate eta Zuloaga plazetan.
Trinitate plazan, helduentzako futbito txapelketarekin hasiko dute eguna, 09:00etan, eta 13:00ak arte iraungo du. Ondoren, 17:00etatik 21:30era, haurrentzako futbito txapelketa egingo dute bi kategoriatan banatuta: 7-9 urteko haurrena eta 10-13 urtekoena.
Bestalde, herri kirolak egingo dituzte Zuloaga plazan 11:00etatik 13:00etara, eta Pasai txarangak girotuko du auzoa goizean (12:00-14:00) zein arratsaldean (17:30-19:30). Arratsaldeko txandan, gainera, auzoko haurrek osatutako buruhandi taldea ere Parte Zaharreko kaleetatik ibiliko da, jai giroan.
Aurtengoa izango da lehenengo Zaharrean Fest jaia, baina tradizio bihurtzea nahi dute, Olanok nabarmendu duenez: «Hurrengo urteetan errepikatzea da asmoa».
Denda txikiak dira nagusi
Zaharrean elkartea duela 70 bat urte jaio zen, eta 100 bat saltoki dira elkarteko kide gaur egun; Zaharreaneko kide diren establezimenduek elkarteko logoa dute kanpoaldean, herritarrek identifikatu ahal izan ditzaten. Denda horiek guztiak «betikoak» direla nabarmendu du Olanok, eta horregatik «oso harro» daudela: «Badirudi Parte Zaharrean tabernak daudela soilik, baina komertzioa ere badago, eta komertzio ona gainera; kasu batzuetan hiri osoan ez dagoen komertzio mota».
Ildo beretik, auzoan «frankizia edo saltoki handirik» ez dagoela nabarmendu du Fiorikoak: «Kexatzen gara hiri guztietako erdiguneetan saltoki eta frankizia berak daudela, eta Donostiako Erdialdean gertatzen bada ere, Parte Zaharrean ez. Horregatik, kontsumitzeko garaian, horrekin gogoratu behar gara, bestela betiko komertzioa galtzen delako eta gure xarma galtzen dugulako».
Horrez gain, mota askotako establezimenduak daudela azaldu du Olanok, eta horren erakusgarri dela Zaharrean Fest jairako osatu duten saskia: «Askotariko gauzak daude saskian: lehorgailu bat, txakolin botila bat, txapela bat, aterki bat, arropa, eraztunak, Gandariasen afari bat bi pertsonarentzat, surf taula bat… Denetik! Burunda tabernaren ondoko lokal bateko erakusleihoan dago ikusgai». Elkarteko kide diren dendetan egunotan erosi dutenen artean zenbakidun txartelak banatu dituzte, saskiaren zozketan parte hartzeko. Bihar bertan zozkatuko dute, Trinitate plazako futbito txapelketaren ondoren, 21:30ean. Era berean, txapelketan parte hartzen duten guztiei elkarteko saltokietan erosteko %10eko deskontu txartelak emango dizkiete, sari gisa.