Milaka lagunek elkartasuna adierazi diote Palestinari Donostian
Gernika-Palestina deialdi herritarrak deituta, Euskal Herri osoko milaka lagun manifestatu dira larunbat arratsaldean Donostian, Palestinaren alde. Antiguako tuneletik abiatu da mobilizazio historikoa —abiatu eta ordubetera oraindik jendea ateratzen ari zen tuneletik—, eta joaldunei jarraiki, erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte, Alderdi Ederren bukatzeko.
Udaletxearen aurrean, Gazako kazetari baten testigantza jarri dute bozgorailuetatik, eta Beñat Gaztelumendi eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek Palestinaren aldeko bertsoak bota dituzte. Manifestua irakurri dute jarraian Zuriñe Rodriguezek eta Agus Hernanek, eta mobilizazioak izan duen atxikimendu maila nabarmendu dute lehenik eta behin: “Gaur, hemen, Donostian, Gernikaren errautsetatik loratu zen herria bildu da, bere transbertsalitate zabalean, bere aniztasun zabalean. Euskal Herriko gehiengo soziala, sindikala eta politikoa bildu gara adostasunean. Hori da gure balorea”. Izan ere, Euskal Herriko norbanako zein mota askotako eragile ugariren atxikimenduak izan ditu deialdiak.
Horrela, “Israel Gazan egiten ari den genozidioarekin amaitu” behar dela aldarrikatu dute, “gatazka honi konponbide justu eta demokratikoa” emanez, “Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritutako konponbidea”. “Ezein erasok ez du justifikatzen Israel Palestinako herriari aplikatzen ari zaion zigor kolektiboa”, gehitu dute. Era berean, “okupazioaren amaiera” eskatu dute, “Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzeko” eskatzearekin batera.
Abiatu da Palestinaren aldeko manifestazioa Donostian; jendetza batu da.@irutxulo #Palestina #PalestinaAskatu pic.twitter.com/t7Z2xzMcGz
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) October 21, 2023
Ildo horretatik, Cyrill Ramaphosa Hegoafrikako presidente eta herrialde horretako apartheidaren biktimak berriki Palestinari buruz esandakoak gogora ekarri dituzte: “Honela zioen: ‘Justiziarik gabe ezin da bakerik egon. Sortu den indarkeria zikloa israeldarren eta palestinarren arteko arazoa modu baketsuan konpontzeko hamarkadetako aukera asegabeen eta egin gabekoen emaitza tragikoa da. Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna da bakea babestea, negoziaziorako eta elkarrizketarako baldintza mesedegarriak sortzea eta gatazkaren sugarrak ez haizatzea. Munudko liderren bakerako deia egin behar dute, eta ez mendekurako deia’, esan zuen Ramaphosak”.
Horrela, nabarmendu dute “bakea lortzeko modu bakarra Palestinako herriak giza eskubideen, duintasunaren eta nazio eskubideen alde dituen bidezko nahiak betetzea” dela. “Nork bere esparrutik elkartasunerako eta konponbiderako deia egiten segitzea ezinbestekoa da, Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio guztiak beharrezkoak dira”, gaineratu dute.
Horren ostean, Eñaut Elorrietak Gernikan abestia jo du, eta manifestazio guztian zehar entzun diren “Palestina askatu!”, “Boikot Israel” eta “Ez da gerra bat, genozidio bat da” oihuen artean, bukatutzat eman dute mobilizazioa.
Jarraian, mobilizazioko bideoa eta Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren argazkiak dituzue ikusgai: