Palestinako bandera ugari atera dituzte realzaleek Anoetan
Joan den astean Eibarko Ipurua estadioan segurtasun langileek eta Ertzaintzak zale bati Palestinako bandera bat kendu ostean, Anoetan halako bandera ugari ikusi dira Realaren Mallorcaren arteko neurketan. Gauza bera gertatu zen atzo Osasunaren estadioan.
Realak ostiralean jakinarazi zuen ez zuela Palestinako banderarik kentzeko asmorik, baina Berria egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, segurtasun zerbitzuko langile batzuk Palestinako banderak zituzten zaleengana joan dira hasieran. Ordea, inguruko zaleak kexatu egin dira, segurtasun langileek alde egin dute azkenean. Gogoratu behar da arratsaldean Palestinaren aldeko manifestazio nazionala egingo dutela Donostian, Gernika-Palestina deialdi herritarrak antolatuta; 17:30ean abiatuko da mobilizazioa, Antiguako tuneletik.
Ehun mugimenduak bere egin du Anoetako protesta, azaldu baitu “1.000 bandera” banatu dituztela estadioaren inguruan neurketa hasi aurretik: “Lege bidegabeekin lapurtu nahi dizkiguten burujabetzak praktikara eramaten hasteko erreminta eman diogu jendeari. Burujabe jokatzeko aukera luzatu diegu, beraz”.
🇵🇸 Palestinako mila bandera banatzen ari gara Anoetara sartzen ari diren @RealSociedad.eko zaleen artean. Lege injustuen aurrean gureak diren burujabetzak praktikara eramaten hasteko erreminta eman diegu. #Freepalestine #BoikotIsrael #EuskalErrepublika pic.twitter.com/ymAYxuvZfd
— Ehun #EuskalErrepublika (@ehunduz) October 21, 2023