Amara Berriko eguna ospatuko dute larunbatean
Amara Berriko auzo mahaiak antolatuta, Amara Berri eguna ospatuko dute larunbatean, hilaren 28an. Auzoko elkarteen arteko topaketa izaten da, elkarteek elkar ezagutzeko eta harremanak egiteko asmoz. Era berean, auzotarrek elkarteen eskutik proiektu desberdinen berri izateko aukera dute egun horretan. 19 elkarte eta taldek egin dute bat deialdiarekin, Donostiako Udala barne, eta besteak beste, Amara Berrin izango dira Ongi Etorri Eskolara, Ikasbide Kultur Elkartea, Chernobil elkartea, Kalapie elkartea, AEK eta Urrats euskaltegia, Amarako Dendak elkartea eta haurtxokoa eta gaztelekua osatzen duten kideak.
Egitarauari 10:00etan emango diote hasiera, Armeria plazan (euria egingo balu, Amara Berri ikastolan), musikarekin. 10:15ean, txalaparta saioa egingo dute oholtzan, eta 10:30ean, Udal Txistulari Taldeak kalejira egingo du auzoan.
11:00etan, Armeria plazan Soinu Alai taldeak girotuko du jaia, eta 11:15ean, Xirula-Mirula taldearen emanaldia izango da oholtzan. Emanaldiaren ostean, erraldoiak eta buruhandiak arituko dira kaleetan, dultzaineroen laguntzaz.
11:45ean, Amara Berriko herri antzerkiaren emanaldia izango da plazan, eta, jarraian, Pablo Zurutuza kantariaren txanda izango da. 12:30ean, Biurrun musika eskolak emanaldia eskainiko du oholtzan, eta, ordubete beranduago, Bamboo dantza eskolak erakustaldia egingo du.
13:50ean, bertsoen bidez emango diote amaiera Amara Berri egunari, eta ondoren, dena jasoko dute elkarlanean.