Argazkien kontserbazioaren inguruko ikastaroa egingo dute hirugarrenez
Hirugarren urtez, San Telmo museoak eta Kutxa fundazioak argazkien kontserbazioari buruzko ikastaroa antolatu dute, eta azaroaren 29tik abenduaren 1era egingo dute. Paperaren gaineko objektu fotografiko historikoak kontserbatzeari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa izango da, eta Fotografías en soporte de papel: identificación, análisis y conservación izango du izenburu. Izena emateko epea zabalik dago, museoaren webgunean, 120 euroren truk; museoko eta Donostia Kulturako bazkideek %10eko deskontua izango dute, eta ikasleek %25ekoa.
Lehenengo egunean, azaroaren 29an, papera euskarri edo euskarriaren parte duten hainbat argazki objektu aztertuko dituzte, eta paper gaineko hainbat argazki tipologia identifikatzeko gakoak eta patologiak aztertzeko eta baloratzeko metodoak azalduko dituzte. Halaber,objektuak ekoizpen testuinguru historikoaren arabera behar bezala interpretatzeko jarraibideak emango dituzte. Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, aldiz, prebentziozko kontserbazioa landuko dute, eta, horretarako, aztertuko dituzte paperezko euskarridun argazkiak nola biltegiratzen eta erakusten diren eta muntatzeko eta egokitzeko proposamenak zein diren. Halaber, obra fotografikoaren azterketari aplikatutako azterketa eta analisi teknikak azalduko dituzte. 50 lagunentzako edukiera du ikastaroak —tartean hiru langabetu—, eta gaztelaniaz eskainiko dute.
Bestalde, ikastaroaren osagarri gisa, bi saio antolatu dituzte, museoan bertan, herritar guztientzako irekiak: Laura Covarsiren eta Rosina Herreraren Cuidado y custodia de archivos familiares azaroaren 28an (18:30), eta Silvia Omedesen Recuperación y conservación de archivos de mujeres fotógrafas abenduaren 2an (12:00). Covarsi eta Herrera izango dira ikastaroko irakasleak.