Donostiako suhiltzaileek «muturreko egoeran» daudela salatu dute
Suhiltzaileek urteak daramatzate euren baldintzak hobetzeko eskatzen, denborak aurrera egin ahala, Donostiako suhiltzaileen parkeko materiala, lantaldea,eta jarduna erretzetik oso gertu baitaude. Abuztuan hasi ziren lehen mobilizazioekin, eta gaur goizean izan dute azkena. Suhiltzaileen etxean bertan adierazi dutenez, langileak “muturreko egoeran” daude, eta “dagozkion ardurak har ditzala” eskatu diote Donostiako Udalari. Salatu dute, halaber, udalak euren eskakizunak entzuteko duen jarrera falta, eta ezbeharrak gertatuz gero, erantzukizun zuzena haiena dela baieztatu dute. “Ezbehar larriren bat izan arte itxarongo dute”. Egoera “jasanezinarekin” aurrera egitea ezinezkoa dela eta, bide judiziala jarri dute mahai gainean.
Langileek azaldu dutenez, ez dute zuzendaritza kargurik nagusiena, ezta kargu teknikorik ere: “Lau hilabete daramatzagu zuzendaririk gabe, eta zazpi hilabete inspektore bururik gabe”. Egoera horretan, eta inolako antolaketa eta plangintzarik gabe, egunean egunekoa egiten saiatzen ari direla aitortu dute: “Gure kabuz antolatzen saiatzen gara, baina honek ez du ez hanka, ez bururik”. Ildo horretatik, onartu dute ez dakitela metroak ekarriko dituen “larrialdi berriak” nola kudeatuko dituzten, ezta nola egingo dioten aurre “baso suteen larrialdi planari”.
Prentsaurrekoan adierazi dutenez, antolaketa falta horrek prebentzio planari eragiten dio ere: “Egun ez da inolako jardueren aldizkako ikuskapenik egiten”. Babes neurrien egiaztapen ezak, ondorio larriak sor ditzakeela ohartarazi du suhiltzaile taldeak, eta salatu dute Donostiako Udalak nahiago duela beste alde batera begiratu: “Ezbehar larriren bat behar dugu benetan garrantzitsuak diren neurriak hartzeko, ala?”.
Abuztuan bildu ziren udal gobernuko teknikariekin, baina ez dute erantzunik jaso: “Gauzak aldatzeko borondatea dutela esan dute, baina momentuz ez dugu ez borondaterik, ez aurrekonturik ikusi”. Era berean, salatu dute bere udalak berak hartu beharreko aldaketak egin ordez, Gipuzkoako Aldundira bideratzen dituztela arazoak dituztenean: “Egoera hori ulergaitzagoa da kontuan hartzen badugu UNESPA aseguratzaileen elkarteak, ia milioi bat euro ematen dizkiola udalari urtean, suhiltzaileen zerbitzua hobetzeko”. Salatu dutenez, “beste leku batzuetara” bideratuko dute, ez baitute aurrekontu horren zentimorik ikusi.
Material eta langile beharra
Antolamenduaren kaosari, operazioetako langile eta material falta gehitu behar zaizkio. Materialari dagokionez, Madrilen eta Bizkaian erretiratutako autobonbak dituzte: “Egun, hemen dugunaren oinordekoaren oinordekoa erabiltzen dute Madrilen, eta guk honekin segitu behar dugu aurrera”. Antzeko gertatzen da baita ere kamioiekin, materiala garraiatzeko ibilgailuarekin edo aginte postu aurreratuarekin, izan ere, “batzuk ez dute IATa (ibilgailuen azterketa teknikoa pasatzen), beste batzuk ez daude erabilgarri matxurak izaten dituztelako etengabe, eta hainbaten ezin dira konpondu “halako makina zaharkituen piezak ezin direlako egun topatu”. Material zaharkitu horrek eragin zuzenak ditu egunero egiten dituzten bataz besteko zazpi irteeretan, baina suhiltzaileen formakuntza galarazten du: “Ez dugu denborarik gure formakuntzarako, askotan guk geuk piezak bilatu eta gure materiala konpondu behar izaten dugulako. Norbaitek imajinatzen al du ertzain bat lanerako erabiltzen duen autoa konpontzen?”.
Pablo Estensoro kaboak azaldu ditu materialaren xehetasunak:
Langileei dagokienez, bestalde, berebizikoa ikusten dute beste operadore baten kontratazioa, egun bakarra baitute: “Komunera joan behar badu, edo telefonoz datuak jasotzen baldin badago, ezin du abisua garaiz pasa, eta pare bat minutuko atzerapen hori ezinbestekoa izan daiteke, biktimen biziraupenari dagokionez”. Horrez gain, adierazi dutenez txanda bakoitzeko hamaika pertsona egotea ez dela nahikoa: “Esku hartze larrietako prozeduretan langile gehiago behar dira, eta horrek etengabeko dilema sortzen du aldi berean beste esku-hartze bat sortzen denean”.
Egoera honen aurrean, osteguneko udalbatzarrera joko dute beste behin, euren aldarrikapenak kontuan har daitezen. Ez dute baztertzen, ordea, bide judiziala hastea: “Udalak diru publikoarekin egiten ez duena, guk borrokatu beharko dugu gure kabuz eta gure diruarekin”.