Klasikoaren 26.edizioa ospatu da asteburuan
Donostiako 15K Klasikoa lasterketaren 26. edizioa ospatu da igande honetan, eta aurten ere arrakasta handia izan du parte-hartze eta publiko aldetik: 1.759 lagunek hartu zuten parte, askorentzat Behobia prestatzeko baliatzen duten lasterketa nagusian. Donostiako kaleetan egindako proban, gainera, lasterkarien giroa eta lehiarako gogoa izan ziren nagusi. Gizonezkoen podiumean Iraitz Arrospide (45:48) izan zen lehena eta Joseba Diaz (46:14) eta Kevin Martins (46:30) izan zituen atzetik, bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren. Emakumezkoen artean, Ane Zabalak eta Santa Villasantek irabazi zuten lasterketa, denbora bera eskuratuta (56:13). Biek eskutik helduta bukatu zituzten hamabost kilometroen azken metroak, eta hala sartu ziren helmugan ere. Hirugarren postua, Maria Navascues (50:10) tolosarrarena izan zen.
Ohiko lasterketaz gain, bost kilometroko lasterketa egin zen Klasikaren baitan, eta Ander Garin (14:55) eta Sara Agirre (20:44 ) izan ziren garaile. Lasterketan gainera, mugikortasun urriko kirolariak izan ziren handbike modalitatean (Ion Galarraga izan zen onena beste behin), eta rollerrek ere hartu zuten parte( Ana Quintana eta Patxi Peula izan ziren lehenak kategoria horretan).