Parte Zaharreko hotel bati pintura bota diote, turismoaren ondorioak salatzeko
Igande arratsaldean, turistifikazio prozesuak hiriko bizilagunentzat dituen “ondorio lazgarriak” salatzeko ekimena burutu dute hainbat gaztek. Zehazki, Parte Zaharreko Sansebay hotelari pintura gorria bota zioten.
Ekintza egin dutenek hedabide honi jakinarazi diotenez, “azken urteetan zehar udal politikak baliatzen ari dira elite ekonomikoaren irabaziak lehenesteko, Donostiako bizilagunen interes kolektiboak lehenetsi beharrean”. Horrela, “espazio publikoak pribatizatzen jarraitzen” dutela ere salatu nahi izan dute, “auzoak hotelez eta turistaz gainezka” dauden bitartean.
Bestalde argi adierazi nahi izan dute, “pintura erraz garbitu daitekeen bitartean, hiriaren merkantilizazio prozesuaren ondorioek ez dutela atzera bueltarik”. Egoerari irtenbidea emateko, “herritarren antolakuntza eta borroka sustatzen jarraitzeko deia” ere luzatu dute.
Udalaren erantzuna
Udalak, bestalde, atzo arratsaldean gertatutakoa salatu du. “Gaitzetsi egin behar dugu pintura gorria bota izana hiriko hotel bati, hau da, enplegua eta aberastasuna sortzen duen enpresa bati”, adierazi du Jon Insausti Turismo zinegotziak. Era berean, zehaztu du turismoaren inguruan “eztabaida serio bat” mantendu nahi bada, atzokoaren gisako ekintzek ez dutela “pedagogiarako tarterik uzten”.