Sagardo Egun feminista egin dute Altzan asteburuan
Ekialdeko Barrutiko berdintasun lantaldeak antolatuta, Sagardo Egun feminista egin zuten Altzako Harria parkean larunbatean. Jai giroan, Altzako garai bateko emakume sagardogileen lana aitortu zuten.
Izan ere, gaur egungo Ekialdeko Barrutian (Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo) sagarrondo ugari egon ziren garai batean. Hala gogorarazi du Altzako Historia Mintegiak Sagardo Egun feministari buruz egindako kronikan: “Baserri asko, gaur egun desagertuak, sagardoa ekoizteko tokiak izan dira, familiaren autokontsumorako eta baita salmentarako ere. Baserri horietako batzuk sagardotegiak izan ziren, non emakumeek ukondoz ukondo lan egiten zuten gizonekin, uzta jaso eta lekuz aldatu, sagardoaren zukua tolarean egin, saldu, zerbitzatu… Gerra garaian, gizonak ez zeudenean, haiek izan ziren sagardoa egiten jarraitu zutenak. Lan horiez gain, baratzeak ere lantzen zituzten eta uzta merkatuan saltzen zuten, abereak gobernatzen zituzten, janaria prestatzen zuten, etxea eta arropa garbitzen zituzten, seme-alabak zaintzen zituzten eta gaixorik zeuden pertsonak eta familiako adinekoak zaintzen zituzten”.
Horregatik, emakume haien “ezkutuko lan eskerga eta gizarteari egindako ekarpena” jendaurrean aitortu nahi izan zuten Sagardo Egunean. Emakume horietako batzuen izen-abizenak ere eman zituzten: “Une honetan, honako hauen berri izan dugu: Txingurriko (Herrera) Errotazar sagardotegiko Emerita Tolaretxipi, Intxaurrondoko Pellizar sagardotegiko Pakita eta Angeli Anabitarte, Intxaurrondo Haundi baserriko Maria Luisa Ezeiza Galardi, Otxoki baserriko Carmen Lazkano Loidi eta Ricarda Matxain Etxarri, Bidebietako Matxain Etxekoa. Baina itzalean beste asko daude. Horien bidez, Altzako antzinako udalerriko emakume sagardogile guztiei gure aitortza adierazi nahi diegu. Baita egungo sagardogileei ere, berdintasunaren aldeko borrokan babesten duguna”.