Arrazakeriaren aurkako bazkariak
SOS Arrazakeriak Donostiako Udaleko Aniztasun sailarekin batera Bizilagunak egitasmoaren edizio berri bat aurkeztu du gaur. Mahai istorioak lelopean, atzerriko eta Donostian jaiotako familiek kultura arteko bazkari batez gozatzea du helburu. Ekimen honen bitartez, halaber, aurretiaz izan daitezkeen estereotipo eta aurreiritziak haustea bilatzen dute antolatzaileek, eta distantziak nabarmen laburtuta arrazakeriari egin nahi diote aurka.
Aurten, azaroaren 19rako antolatu dituzte bazkariak. Hala, Bizilagunak sareko mahai bakoitzari balioa eman nahi diote, etxeko unibertso intimoan elkarri istorioak kontatzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, Bizilagunak egitasmoa “oso formatu erraza da” kalean beste modu batera ezagutuko ez genituzkeen pertsonengana gerturatzeko. Izan ere, “igande bazkari desberdin bat besterik ez da”. Hala ere, mahaiak eta mahai zapiak ordu pare batean jatorri askotariko jendea ezagutzeko aukera ematen duela baieztatu dute: “Mahaia partekatzean, elikagaiak baino zerbait gehiago partekatzen dugu. Une eta gune bat partekatze dugu”.
Gaineratu dutenez, Donostian jatorri askotariko jendea bizi dela ikusita, “beharrezkoa da” beste urrats bat ematea eta bermatutako baldintza parekideetan, kultur arteko harremana sustatzea. Iaz, mota honetako 70 bazkari egin ziren Gipuzkoa osoan, eta aurten ere, parte hartzaile kopurua handitzea dute helburu. Gauzak horrela, herritarrak egitasmoan parte hartzera gonbidatu dituzte, eta azaroaren 13ra arte zabalik izango dute izen ematea.