Auditz Akularren etxebizitzak eraikitzeko asmoa berretsi du alkateak
Donostiako Udala hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspen prozesuan murgilduta dago, eta Plan Orokor berriaren zirriborro bat aurkeztu berri dute, zeinetan aurreikusten den Altzako Auditz Akular eremuan 3.007 etxebizitza eraikitzea. Aurreikuspena ez da berria, 2010eko HAPOan —egun indarrean dagoena— dagoeneko aurreikusita baitaude; Odon Elorzaren agintalditik datorren proiektua da.
Eneko Goia alkateak, kazetarien galderei erantzunez, azaldu du ez direla 3.000 etxebizitza horiek “berreskuratu”, hain zuzen ere, 2010eko HAPOan aurreikusita daudelako: “Ez da egin, Auditz Akularreko urbanizazio proiektua ez zelako bideragarria ekonomikoki. Izugarrizko kargak zituen. Baina eremu horrek urbanizatzeke jarraitzen du, eta zerbait egin beharko da, udalak lursail handi bat duelako han, bere garaian eskuratutakoa, hiriko etxebizitza eskaintza handitzeko”.
Goiaren arabera, oraindik ez dute zehaztu zenbat etxebizitza egingo dituzten han: “Zehaztu beharko da zenbat diren, baina orain dagoen moduan uztea ez litzateke egokiena izango, udalak bere jabetzako lursail handiak dituelako han. Badaude beste proposamen batzuk ere, parke teknologikoa hara zabaltzea kasu. Aztertu beharko da, baina zerbait egin beharko da, hori argi”.
Donostiako gerriko berdearen parte da Auditz Akular, eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta beste hainbat eragile ekologistak hainbatetan aldarrikatu dute gerriko berde hori babesteko beharra. Era berean, Altzako bizilagun eta eragile ugarik urteak daramatzate salatzen auzoak ez dituela etxebizitza gehiago behar, berdegune eta ekipamendu gehiago baizik —ildo horretatik, Zardoya-Otis eremuko proiektuan ari dira jartzen fokua bereziki azkenaldian—. Hala ere, udalak Auditz Akularren etxebizitzak eraikitzeko asmo argiarekin jarraitzen du, Goiak gaurkoan baieztatu duenez.
Etxebizitza babestuak
Hirigintzarekin jarraituz, kazetarien galderei erantzunez, alkateak erantzun egin dio Elkarrekin Donostiak berriki egindako proposamenari. Izan ere, koalizio horrek eskatu du hirigintza garapenetan etxebizitzen %40 baino gehiago babestua izatea, eta ez mugatzea legeak ezartzen duen %40 horretara. Loiolako kuarteletan garatuko duten proiektuarentzat, esaterako, etxebizitzen %80 babestua izatea eskatu dute.
Horrela, alkateak esan du hirigintza operazioek “bideragarriak” izan behar dutela udalarentzat, eta, beraz, Elkarrekin Donostiak azaldu beharko duela “nola egiten den proposatzen duena, bideragarria izan dadin”. “Kontuan izan behar da Loiolako kuartelen salerosketak 73 milioi euroko kostua izango duela udalarentzat”, gehitu du.