Donostiako 28 ikastetxek hartuko dute parte Liburuka irakurketa proiektuan
Liburuka proiektua abian jarri dute. (Argazkia: Donostia Kultura) Liburuka proiektuan izena emateko epea irailaren 28an bukatu zen eta harrera oso ona izan duela adierazi du Donostiako Udalak. Hiru egitasmok osatzen dute Liburuka proiektua: Irakurle gazteak, Motxila Txikia eta Areto Literarioa. Udalak azaldu duenez, Irakurle gazteak egitasmoan 191 liburu kaxa eskaera jaso da, 104 motxila txikik ekingo diote zirkuituari eta Areto literarioan hamaika saio eskainiko dira. Guztira, 2023-2024 ikasturtean, Donostiako 28 ikastetxek parte hartuko dute aipatutako programetan.
Motxila Txikia
Motxila txikia egitasmoa Galtzagorri Elkartearekin batera egiten da, Mintzoan kux-kux izeneko egitasmo zabalago baten barnean (lehen Bularretik mintzora). Irakurketa bultzatzeko asmoz, liburutegia, eskola eta familia lotzen dituen programa da, eta Haur Hezkuntzako (3-6 urte) eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako (6-8 urte) ikasleei zuzenduta dago. Astero ikaskide batek hartuko du motxila txikiaren ardura: gurasoekin liburutegira joango da, Motxila txikia txokotik gustuko duen liburu bat aukeratuko du eta etxean irakurri ondoren, ikastolan landuko du irakaslea eta ikaskideekin; gero, beste ikaskide batek ekingo dio zirkuitu berari.
Irakurle gazteak
Irakurle gazteak egitasmoaren xede nagusia da Donostiako ikastetxeei liburutegietan mailegagarri dauden liburuak eskaintzea. LHko (6-12 urte) eta DBHko 1. zikloko (12-14 urte) ikasleei zuzenduta dago. Liburutegiek proiektu honetarako hautatuak izan diren liburuak mailegatuko dizkiete ikastetxeei, 2 hilabete t’erdiko epean ikasgeletan irakur ditzaten. Hainbat liburu mota (albuma, narratiba, poesia, antzerkia, komikia eta ezagutza liburuak) bidaliko dira, euskaraz zein gaztelaniaz idatziak. Bidalketa kaxa berezi batzuetan egingo da, eta kaxa horiek egokiak izango dira ikasgelan liburutegiko liburuak erakusgarri izateko.
Areto literarioa
Areto literarioak Galtzagorri Elkartearen partaidetzarekin antolatzen dira. 2023rako proposatzen den aretoa Haur Poesia izena du, eta 2023ko azaroaren 17tik 24ra egingo da. 8 eta 11 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Areto literario hauen helburuetako bat haurrak poesiaren munduan barneratzea da eta generoaren hainbat alor ezagutu eta deskubritzea. Aretoko saioaren ondoren edo aurretik, Haur Liburutegia bisitatuko da.


