Kontseiluaren manifestaziora joateko autobusa antolatu du Bagerak
Azaroaren 4an “Bilboko kaleak betetzeko” deia luzatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, azken hilabeteetan euskararen aurkako epaien “oldarraldiaren aurrean erantzun bateratua” emateko. Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat izango da manifestazioaren leloa.
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak bat egingo du deialdiarekin, eta egun horretan Bilbora joateko autobusa antolatu du. Autobusa 15:00etan irtengo da Donostiatik —manifestazioa 17:00etan hasiko da Euskalduna jauregitik—, eta 20:00etan Bilbotik. Interesa duenak helbide honetako formularioa bete beharko du; joan-etorriak hamar euroko kostua izango du.