Marea arrosa Donostiara bueltatuko da igandean
Urtero legez, bularreko minbiziaren aurka lan egiten duen Katxalin elkarteak elkartasun martxa antolatu du urriaren 29rako Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzeko. Aurreko urteetan egin duten moduan, IX. edizio honetan ere, gaixotasunaren ikusgarritasuna handitu nahi dute, eta ikerketa izango dute erdigunean, bultzada bat eman nahi baitiote egitasmo honen bitartez.
Helburu horiekin, 11:00etan abiatuko dute martxa Alderdi Ederren eta 4,5 kilometroko ibilbidea egingo dute Donostiako kaleetan zehar: Zurriolako bakearen usoraino joango dira lehenik, eta ondoren, Parte Zaharreko kaleak zeharkatuko dituzte hasitako puntu berdinera bueltatzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, adin tarte guztietarako ibilbide bat da, “haurrentzako eta adinekoentzako pentsatu dena”. Bukaeran, gainera, dantza emanaldia egingo da eta bertan parte hartzeko gonbita luzatu dute antolatzaileek. Aurten, egitasmoaren 5.000 parte hartzaileak gainditzea izango dute xede, eta martxa hau “Gipuzkoako itxaropenaren ikur” bilakatzea espero dute.
Izen ematea
Online bidezko izen-emateak itxita dauden arren, aurrez aurrekoarekin jarraituko dute hilaren 28ra arte Groseko Apalategi Kirolak dendan, eta Garbera eta Urbil merkataritza guneetako Eroski saltokietan. Horrez gain, ibilaldiaren egunean bertan, karpa bat jarriko du elkarteak udaletxeko terrazan, eta parte hartzeko aukera egongo da, ticketak agortzen diren arte.
Martxa solidarioaren bidez bildutako jasotako ekarpen guztia Biodonostia institutuan bularreko minbiziaren ikerketa-taldeari emango zaio.
Katxalin elkartea
Katxalin elkartea 1987an sortu zen, Gipuzkoan mastektomia izandako emakumeen talde gisa. Hasieratik, egoera berdintsuan zeuden beste emakume batzuei laguntzea izan zuten xede, eta besteak beste mastektomia izandaako emakumeak edota kimioterapia, erradioterapia, hormonoterapia jasaten ari ziren pazienteekin. 1999az geroztik, baina, elkartea zabaldu zuten eta tumore ginekologikoko pazienteak (umetoki-lepoko, endometroko, obulutegiko edo bulboko minbizia zuten pazienteak ) artatzen hasi ziren.
Egun, asistentzia alorrean eta alor psikosizalean banatzen dute euren jarduna: lehenean, gizarte-laguntza, fisioterapia eta arreta psikologikoa eskaintzen da, besteak beste; bigarrenean, aldiz, yoga, gimnasia, hitzaldiak eta bestelako ikastaroak ematen dira.