Marrutxipiko lotunearen lanak kritikatu ditu Elkarrekin Donostiak
Gaur (hilak 24) Klima Aldaketaren Mundu Eguna dela aprobetxatuz, Elkarrekin Donostiako bi zinegotziak Marrutxipiko lotunearen lanetan izan dira. Victor Lasa zinegotziaren hitzetan, lotunea adibide ona da jendartea “klima aldaketaren aurkako borroka galtzen” ari dela erakusteko: “Auto gehiagorentzako hamabi espezietako 560 zuhaitz moztea egin behar dugunaren kontrakoa da”.
Elkarrekin Donostiarentzat “beharrezkoa da azpiegitura berdea berreskuratzea, hedatzea eta birsortzea”. Era berean, “konponbide onena aurrean” dagoela aipatu du Lasak hiriko basei erreferentzia eginez, eta horiek dituzten onurak zerrendatu ditu: CO²-a xurgatzea, airea araztea, uholdeak ekiditea, tenperatura erregulatzea eta abar.
Ildo horretatik, Marrutxipin moztu dituzten 560 zuhaitzek saihesbidearen “kutsaduraren eta zarataren aurkako hesi naturala” sortzen zutela nabarmendu du Arantza Gonzalez zinegotziak.