Goiak nabarmendu du suhiltzaileen zerbitzuak «hamar milioi euroko kostua» suposatzen duela udalarentzat urtean
Suhiltzaileek denbora daramate “muturreko egoeran” daudela salatzen, eta horren inguruko agerraldia egin zuten atzo. Agerraldiaren inguruan galdetuta, alkateak nabarmendu du bera suhiltzaileekin bildu izan dela gaiaren inguruan hitz egiteko, eta Martin Ibabe arloko zinegotzia “une oro gaiari adi” dagoela.
Aurre egin beharreko zenbait gauza daudela aitortu du alkateak, baina zenbait ñabardura egin nahi izan ditu. Alde batetik, suhiltzaileek zerbitzuaren zuzendaritza falta salatu izan dute askotan, baina Goiak nabarmendu du zerbitzuak baduela zuzendari bat: “Elixabete Arrillaga da zuzendaria, eta zuzendari berria izendatzeko prozesua martxan da”.
Horrez gain, inbertsio falta da suhiltzaileen salaketa nagusia, eta alkateak nabarmendu du urtean “hamar milioi euroko kostua” duela suhiltzaileen zerbitzuak udalarentzat. Hala ere, aitortu du 2023ko aurrekontuetan ez zela bestelako inbertsiorik aurreikusi suhiltzaileentzat, nahiz eta 2024ko aurrekontuetan “inbertsio batzuk bere gain hartzeko konpromisoa” duen udalak, alkatearen hitzetan. Era berean, gaineratu du Garberako biribilguneko egoitza ez dela “bereziki zaharra”.
Bestalde, suhiltzaileek behin baino gehiagotan kritikatu dute Bizkaian erretiratutako hogei urteko inguruko kamioi batekin ari direla lan egiten. Horren harira, alkateak azaldu du hori ari direla erabiltzen “Donostiako zerbitzuak zuenak istripu bat izan zuelako biribilgune batean, eta ez inbertsiorik ez delako izan”.
Aldundiari kritika
Gipuzkoako Foru Aldundiari ere zuzendu zaio alkatea, azaldu duenez, “legeak dioelako 20.000 biztanletik gorako udalerriek suhiltzaile zerbitzu propioa izan behar dutela”. Gehitu duenez, “Gipuzkoako egungo errealitatea da hori betetzen duen udalerri bakarra Donostia dela, gainontzekoak aldundiko suhiltzaile zerbitzuak artatzen ditu. Are gehiago, guk Donostiako mugetatik harago doan eremu bati ematen diogu zerbitzua, Pasaia eta Errenteria ere sartzen baitira gure eremuan”.
Horrela, gai horri ere heldu behar zaiola nabarmendu du Goiak, “ez delako gauza bera zerbitzu bat 188.000 biztanlerentzat dimentsionatzea edo 250.000 biztanlerentzat dimentsionatzea”.