Garaipena, lidergoa eta ilusio txuri-urdina
Berdinketa batekin itzuli izana emaitza ontzat har zitekeen atzo Realarentzat, Benficarekin zuen lau puntuko aldea mantenduko zuelako, Txapeldunen Ligako multzoen faseko hiru partidaren faltan. Imanol Alguacil entrenatzaileak, ordea, argi esan zuen ez zihoazela berdinketaren bila, eta argi ikusi zen hori zelaian ere. Helburua lortu zuten txuri-urdinek, eta 0-1ekoarekin itzuli dira Donostiara; D multzoko liderrak dira, Inter Milanekin zazpi puntura berdinduta eta partidarik galdu gabe.
Realak egin zuen neurketako lehenengo jaurtiketa, eta horrek ezer ziurtatzen ez badu ere, halako partida handietan garrantzitsua dela esan ohi da. Take Kubok min handia egin zuen portugaldarren atzealdean, eta behin eta berriz saiatu zen eskuin hegaletik gola egiten —bigarren zatian zutoinera bidali zuen jaurtiketa bat—, baina punteriak huts egin zion atzokoan; hala ere, neurketako jokalaririk onena izan zen. Oiartzabal ez zen bereziki fin ibili, baina lan handia egin zuen presioan, eta Barrenetxeak arrisku handia sortu zen beste hegaletik; bi gezi ditu Alguacilek hegaletan.
Brais-Merino-Zubimendi erdilari hirukotea oso sendo ibili zen zelai erdian, arriskua sortuz eta atzean lagunduz. Atzean ere seriotasunez aritu ziren, Benficaren erasoak behar bezala defendatuz eta, beharrezkoa zenean, erasoan eta jokoaren elaborazioan lagunduz; nabarmentzekoak izan ziren txuri-urdinek egin zituzten zenbait posesio, atzetik aurrera eta alde batetik bestera bikain mugitu baitzuten baloia. Halaber, aipatzekoa da Aihenek eta bereziki Traorek hegaletatik sortutako arriskua. Eta, beharrezkoa izan zenean, Remirok segurtasuna eman zuen atean.
Benficak ere izan zituen bere aukerak eta arrisku uneak, eta gol bat ere jokoz kanpokoagatik bertan behera utzi zieten epaileek —Realari ere beste bat bertan behera utzi zioten arrazoi berarengatik— baina txuri-urdinak ez ziren kikildu. Horrela, 63. minutuan heldu zen gola, Barrenetxeak area barruan baloia jaso, atzelaria maisutasunez gainditu, atzera pase bikaina egin eta Braisek baloia sarera bidali zuenean; Braisek Txapeldunen Liga honetan sartu duen hirugarren gola izan zen. Realak nagusitasunez jokatzen jarraitu zuen, eta soilik azken txanpan Alguacilek egindako aldaketen ostean —Aritz, Zakharyan, Carlos Fernandez eta Cho zelairatu zituen— jaitsi zuen maila.
Hala ere, hiru puntuak Donostiara etorri dira, eta Lisboara joan ziren 3.500 realzaleek ondo ospatuko zuten garaipena Portugalgo hiriburuan. Multzoen fasea amaitzeko hiru partidaren faltan, edozein irabazteko gai dela erakusten ari da Reala, Inter Milan txapeldunordearen aurka garaipena behar zuen berdinketa lortuz eta Salzburgori eta Benficari nagusitasunez irabaziz. Maila horrekin eta gelditzen diren partidetako bi etxean izanda —Benficaren aurkakoa azaroaren 8an eta Salzburgoren aurkakoa 29an—, txuri-urdinek final-zortzirenak eskura dituztela dirudi.