GI-20 saihesbidearen eraldaketa HAPO berrian sartzea aztertzen ari dira
Donostiako Udala hiri antolamenduko plan orokor berrikusketaren (HAPO) zirriborro bat aurkeztu berri du, eta GI-20 saihesbidearen eraldaketa jaso du bertan. Gaur egun bi erreiko bi bide ditu saihesbideak, eta bi erreiko bide bakarra izatea da helburua, espazio urbanoa berreskuratzeko. Hala ere, momentuz zirriborro bat da aurkeztu dena, eta ez dago ezer onartuta; Auditz Akularren 3.000 etxebizitza inguru eraikitzeko aurreikuspena ere badago zirriborro horretan, besteak beste.
EH Bilduk udal hauteskundeen aurretik GI-20aren eraldaketa proiektua aurkeztu zuen, hainbat hilabetez saihesbideak hartzen dituen auzoetako herritarrekin parte hartze prozesu bat garatuta. Horrela, EH Bilduren proiektuak aurreikusten du 60 hektarea lurzoru publiko berreskuratzea: Altza-Larratxo-Bidebieta eremuan zortzi, Intxaurrondon hamahiru, Loiola-Egia eremuan lau, Amara Berri-Loiolako Erribera eremuan zazpi, Aiete-Miramon eremuan hogei eta Añorgan zortzi. Bestalde, Eneko Goia alkatea Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu zen garaian ere aztertu zuten GI-20aren eraldaketa, proiektu zehatzik aurkeztu gabe.
Proiektu anbiziotsua eta epe luzera egitekoa da, 50 urte bete berri dituen errepideko zirkulazioan eragina izango lukeelako eta inbertsio handia egin beharko litzatekeelako, baita libre geldituko liratekeen espazioekin zer egin ondo aztertu ere: etxebizitzak, ekipamenduak, herritarren erabilerarako espazio komunitarioak, edo dena delakoa. Zirriborroa da oraindik aurkeztutakoa, baina Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailea pozik agertu da GI-20aren eraldaketa bertan txertatu izanarekin: “Ondo egindako lanek emaitzak izaten dituzte, eta proiektu hau HAPOaren proposamenean ikusteak pozten gaitu. Jarraitzen dugu eta deia egiten diogu udal gobernuari jarrera irekia izan dezan ekarpen eraikitzaileen aurrean”.