Milaka lagun batu dira zerbitzu publikoen aldeko manifestazioan
Milaka langile publikok egin dute bat Donostian zerbitzu publikoen alde egin duten manifestazioarekin. Bulebarrean elkartu dira, eta ondoren, hiriko erdigunea zeharkatu dute, zerbitzu publikoak indartzeko eskatzeko. ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek deitu dute manifestatzera, eta jendearen erantzuna oso positiboa izan dela adierazi dute. Hainbat pankarta atera dituzte kalera, besteak beste, Zerbitzu publikoak indartzeko soldata eta enplegua hemen adostu! zioena.
Manifestazioaren amaieran, manifestua irakurri dute Bulebarreko kioskoan, eta, ezer baino lehen, hizlariek zoriondu egin dituzte bertaratu direnak: “Zorionak gaurko egunean egindako mobilizazio bikainagatik! Milaka langile publiko bildu gara, guk inork baino hobeto dakigulako zerbitzu publikoetan zer ari den gertatzen. Eta hau salatu nahi dugulako”.
Azaldu dutenez, beraien lana modu egokian egiteko zailtasunak “areagotuz” doaz, eta “egunero” ikusten duten lan baldintzen “gainbehera” horrek zerbitzu publikoetan “higadura” eragiten duela salatu dute. Enplegu publikoaren egoera “kezkagarria” dela nabarmendu dute, eta hainbat arrazoi azaldu dituzte: gaixotasun eta baja gehiago kausa fisiko zein psikologikoengatik; belaunaldi erreleboen planifikazio falta; langile publikoen txirotze prozesua, erosahalmenaren galera %20 delako; euskalduntzean beharrezko aurrerapausorik ez egotea eta genero politika urriak, besteak beste.
Europan langileriaren %20 langile publikoa den bitartean, EAEn %15 baino ez dela nabarmendu dute, eta pribatizazioak zerbitzu publikoen “prekarizazioa” dakarrela adierazi dute. “EAEn 100.000 langile inguru daude pribatizatutako zerbitzu publikoetan lanean”, baieztatu dute. Gainera, behin behinekotasun maila ere altua dela esan dute: “%49 ingurukoa da behin behinekotasun maila orokorra. Bi langiletik bat behin behinekoa da. Sektore pribatuan, tasa hori %13koa da. Eta abian diren egonkortze prozesuek ez dute, kasu gehienetan, behin behinekotasuna %8ra jaitsiko”.
Eskaera zehatzak
Hori dela eta, hainbat eskaera zehatz egin dituzte langile publikoek. Besteak beste, estatutik datozen mugak kentzeko eskatu dute, soldata publikoaren beharrak hemen erabakitzeko. Bestalde, zerbitzu publikoak indartzeko, sortzeko eta egonkortzeko aurrekontuak onartzea nahi dute, beraien lan baldintzak hobetzeko. Horrez gain, beraien soldata %10 igotzea eskatu dute, azken bi urteetako erosahalmenaren galera berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko.
Pribatizazio berririk ez egiteko konpromisoa hartzea eskatu dute, eta lan kargak murrizteko neurriak adostea. Era berean, Administrazioaren “benetako euskalduntzea” bermatuko duten planak adostea nahi dute, eta baita berdintasunerako “benetako urratsak” ekarriko dituzten genero arloko neurriak ere.
Jarraian, gaurko manifestazioak utzi dituen hainbat irudi ikus ditzakezue: