Urteko azken bizikleta irteera antolatu du Kalapiek astebururako
Kalapie elkarteak urteko azken bizikleta irteera antolatu du igande honetarako (hilak 29) Urumea ibaiaren ingurutik. Cristina Enea fundazioaren Hemen Urumea! programaren barruan aritu dira irteerak antolatzen, eta bizikletan ibiltzeaz gain, hainbat geldialdi egiten dituzte, ibaiaren inguruko historia eta bitxikeriak ezagutzeko —azalpenak gaztelaniaz egingo dituzte—. 09:00etan abiatuko dira Kursaaletik (14:00etan bukatuko dute), eta hemen eman daiteke izena.
35 kilometroko irteera izango da, Fagollagaraino egingo baitute joan-etorria. Ibilbide guztia bidegorrietatik eta landa bideetatik egingo dute, Lastaola industrialdearen eta Fagollagaren arteko 1.200 metroak izan ezik, horiek errepidetik egingo baitituzte. Ibilbide gehiena laua izango da, baina bizikletan ibiltzen trebetasun pixka bat izatea gomendatzen dute antolatzaileek, baita kaskoa eramatea ere. Hemen ikus dezakezue jardueraren inguruko bideo bat.