Bizikletaz Adinik Ez Eguna hirugarrenez ospatuko dute larunbatean
Bizikletaz Adinik Ez elkarteak taldearen eguna — BAE Eguna— ospatuko du larunbatean, elkartearen lana zabaldu, eta herritarrak ekimenetan parte hartzera animatzeko. Adinekoen edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeaz arduratzen da elkartea, eta trizikloetan irteerak egiten dituzte, komunitateko beste kide batzuekin konektatu eta “kide izatearen zentzua” sortzeko.
Hala, euren mezua zabaltzeko, jarduerak antolatu dituzte hirugarren urtez. Alderdi Ederreko karpetara —Andia kalea 13— hurbiltzen direnek proiektua gertutik ezagutzeaz gain, trizikloan paseatzeko ere aukera izango dute. Ekitaldian, halaber, BAE kide 2023 aitortzak emango dituzte 12:00etan, proiektua hauspotu duten pertsona eta erakundeak eskertzeko. Elkartetik, ezinbestekotzat jo dute “adinekoek bizitza aktibo eta parte hartzaileaz gozatzeko aukera izango duten gizarte bat eraikitzea” eta horretarako, boluntarioen lana funtsezkoa dela nabarmendu dute. Aurten, Orona Fundazioa eta Iñigo Munilla —BAEren sortzaileetako bat— izango dira omenduak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “2023 oso urte berezia izan da BAErentzat”; izan ere, Donostiako irteerak handitu eta proiektua sendotzen jarraitzeaz gain, ekimena Gipuzkoako beste udalerri batzuetara hurbiltzeko aukera izan dute. Horiek horrela, Gipuzkoako hamalau udalerritako hemezortzi egoitza bisitatu dituzte, eta adineko 160 pertsona baino gehiagorekin irteerak egitea lortu dute.