EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak suhiltzaileentzako plan estrategikoa eskatu dute udalbatzarrean
Kontrol mozioa aurkeztu dute EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek suhiltzaileen zerbitzuaren “arazo larria” konpontzeko. Zehazki, hiru hilabeteko epean plan estrategiko bat idaztea eskatu diote udal gobernuari, legegintzaldi osoan beharrezkoak diren jarduerak eta inbertsioak planifikatzeko. Horrez gain, inbertsioa handitu dezatela eskatu die EH Bilduko Javier Vitoria zinegotziak, “lan taldea indartzeko premia handia dagoelako”. Mozioa, baina, bertan behera gelditu da, EAJren eta sozialisten kontrako botoekin.
Suhiltzaileek azken asteetan egindako aldarrikapenak bildu ditu koalizio abertzaleko zinegotziak, lan taldearen protestaren aurrean, eta baliabide material eta giza baliabideen falta jarri du mahaigainean. Ildo beretik mintzatu da Elkarrekin Donostia taldeko Arantza Gonzalez ere. Moreen bozeramaileak, udalaren eta aldundiaren arteko bilerak ekarri ditu hizpidera, udal taldeak aferarekiko duen planteamendua zein den argitu dezala eskatzeko: “Udalak zein helburu du? Aldundiak berak eskumen horiek bere gain hartzea?
Lotsagarria udalbatzarran bizi duguna @DonostiaPNV-ren eskutik. Langileoi eta hiritarroi errespetu falta izugarria, gezurrak bai, erantzunik ez.@SocialistasDono non zineten?
— Donostiako Suhiltzaileak (@BomberosDonosti) October 26, 2023
Mila esker gure aldarrikapenak defendatu duzuenoi. @ehbildudonostia @ElkarrekinDono @PP_SanSebastian. https://t.co/Jxy2CKkGtq
Sozialistak ez dira arazoaren inguruan mintzatu, eta alderdi popularrak, bere aldetik, ez ditu inbertsioaren aldeko aldarriak babestu, baina plangintza baten beharra nabarmendu du: “Aspalditik datorren arazoa izanda, udal gobernuak ez al du planteatu zergatik dimititu duen azkeneko zuzendaritza taldeak?”
Martin Ibabe Herri Segurtasuneko Zinegotzi Ordezkariak, bestalde, legeari heldu dio, finantzaketa handiagoaren beharra udalaren arduraz harago dagoela defendatzeko. Zinegotzi jeltzalearen arabera, Donostia 20.000 herritar baino gehiago dituen udalerri bat izanik, suteak itzaltzeko zerbitzu propio izan behar du, baina halakoa izan beharko luke baita ere Errenteria eta Hernanik, eta egun Donostiakoak ematen dio zerbitzua: “Donostiarron aurrekontuarekin lan taldea handitzea eskatzen zaigu, baina Donostiako beharrez gain, gainerakoenak ere asetzeko. Parranda donostiarrok ordaindu beharko dugu”.
Jeltzaleari Vitoriak eta Gonzalezek erantzun diote, eta aurpegiratu diote euren asmoak argi adierazi gabe jarraitzen dutela, eta duela 20 urte baino gehiago adostutako zerbitzuaren bateratzea zalantzan jartzen ari direla erantzukizun oro saihesteko.