Frankismoaren hiru biktima ahazturen memoria berreskuratu du Javier Bucesek
'Modos de matar y morir. Víctimas del franquismo en Gipuzkoa' liburua aurkeztu du Javier Buces historialariak, zeinetan erregimenak 1970ean hildako hiru herritarren istorioak berreskuratu dituen: Jose Miguel Anduezarena, Roberto Perezena eta Antonio Goñirena.
Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari Javier Bucesek urteak daramatza memoria historikoa lantzen eta ikertzen, eta ostegun goizean aurkeztu du bere azken liburua Ibaetako campuseko Zuzenbide Fakultatean, unibertsitate horretako irakasle Eneko Etxeberriak azaldu duenez, “zuzenbideaz eta giza eskubideez hitz egiten duen liburua delako”: Modos de matar y morir. Víctimas del franquismo en Gipuzkoa. Erregimen frankistak 1970ean hildako hiru pertsonaren istorioak berreskuratu ditu liburuan: “Historia liburu bat da, baina baita memoria historikoko liburu bat, biktimak aitortzea eta errekonozitzea helburu duelako”, nabarmendu Bucesek aurkezpenean. “Berandu da, baina espero dugu liburuak balio izatea justizia pixka bat egiteko”, gehitu du Etxeberriak.
Liburua ontzeko egindako bidea azaldu du Bucesek hasieran: “Historialari lana egin dugu lehenik, artxiboetan eta gerra kontseiluetan murgilduz, baina ezin ginen horretara mugatu, eta biktimen senideekin ere hitz egin dugu, erregimen diktatorialetik zetorren informazioa kontrastatzeko eta istorioak osatzeko”.
Halaber, 1970. urte hartako testuinguru historikoa, “Espainiako trantsizioak ahaztu arazi duena”, ulertzeko beharra nabarmendu du: “Frankismoaren azken urteetan, erregimenaren aurkako oposizioa areagotu egin zen, eta, horrekin batera, baita errepresioa ere; bereziki, Euskal Herrian”. Oposizio horren zati garrantzitsu batek —tartean ETAk— borroka armatua abiatu zuen urte haietan, eta horri buruzko datu esanguratsu bat ere eman du, testuingurua zein zen ulertzeko: “Frankismoaren oposizioak bi hildako eragin zituen 1968tik 1974ra estatu osoan, Meliton Manzanas torturatzailea eta Gregorio Posada Zurron Azpeitian eraildako guardia zibila. Aldiz, soilik 1970ean, frankismoaren segurtasun indarrek hiru lagun hil zituzten Gipuzkoan: Jose Miguel Andueza Elizalde (1931-1970), Roberto Perez Jauregi (1948-1970) eta Antonio Goñi Igoa (1931-1970).
Bi Donostian eta bat Eibarren
Andueza 1970eko uztailaren 15ean hil zuten. Berakoa (Nafarroa) zen, baina Tolosa hiribidean auto istripu bat izan zuen egun hartan, Infernuaren inguruan. Udaltzaingoarekin eta Guardia Zibilarekin eztabaida izan zuen han bertan istripuaren harira, eta guardia zibiletako batek hiru aldiz egin zion tiro; han bertan hil zen. Lana osatzeko, Jose Miguelen iloba Estebanekin hitz egin du Bucesek, eta bere testigantza eta argazki zaharrak daude liburuan.
Goñiri dagokionez, Etxarri Aranatzekoa zen (Nafarroa), baina Grosen bizi zen eta Valverde inprentan egiten zuen lan. 1970eko abenduaren hasieran, Burgosko Prozesuaren salbuespen egoeraren testuinguruan, Brigada Politiko Sozialak Parte Zaharrean atxilotu zuen, “Gora Euskadi Askatuta” oihukatu izana leporatuta. Hainbat egunez torturatu ostean, Martuteneko espetxera bidali zuten. Carmen Urmeneta emazteak ezin zion 20.000 pezetako fidantzari aurre egin, eta Goñiren lankideek bildu zuten diru hori, aske gelditu zedin. Ordea, torturen ondorioz, depresio handi bat pairatu zuen Etxarri Aranatzekoak, eta abenduaren 21ean bere buruaz beste egin zuen. Familiari gutun bat utzi zion, gerora desagertu egin zena; zera zioen: “Neri zakur hauek hil naute. Barkatu, errezatu nigatik”. Liburuko hiru biktimetatik, Goñi da Eusko Jaurlaritzak indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu ez duen bakarra. Hain zuzen ere, kasu bereziki zailak dira antzeko egoeratan bere buruaz beste egin zuten pertsonenak, Bucesek azaldu duenez, zailagoa baita horien inguruko jarraipena eta ikerketa egitea.
Haren arreba Axun Goñi Igoaren laguntza izan du Bucesek liburua idazteko, eta Antonioren iloba Lourdes Salsamendik hitz egin du osteguneko saioan, beste biktimen senide batzuez eta Berako eta Etxarri Aranatzeko alkateez gain. Salsamendik azaldu du ondo gogoratzen duela 1970eko San Tomas egun hartako “iluntasuna”, eta nabarmendu du bere osaba “ausarta” izan zela bere buruaz beste egiten, “ez zielako bere sufrimendua ingurukoei zabaldu nahi”. “Eskerrak eman nahi dizkizuet, zuen lanarekin espero dugulako hain ilunak izan ziren urte haiei argitasun pixka bat ematea”, gaineratu du.
Azkenik, Perezi dagokionez, Burgosko Prozesuaren harira Eibarren egindako manifestazio batean hil zuten, poliziek manifestarien aurka tiro egin zuenean. Urteekin, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak indarkeria politikoaren biktimatzat aitortu dute, eta liburuan parte hartu duen Jorge Perez Jauregik, Robertoren anaiak, azaldu du “ustez tiroa egin zuen guardia zibilaren izen-abizenak” ezagutzen dituztela, baina bide judizialetik ez dutela inoiz ezer lortu.
Perezen kasuari buruzko bitxikeria bat ere kontatu du Aranzadikoak, liburuaren azaleko irudiarekin zerikusia duena: “Agustin Ibarrola artistaren obra bat da liburuaren azalean dagoen irudia, eta Juantxo Egaña argazkilariak ikusi zuen Perezen senideen etxean argazkiak egitera joan zenean. Perezen senideentzako dedikatuta dago, eta orain arte ez genuen obra horren existentziaren berri”.
Justizia falta eta egiteke dagoena
Soilik Perezek zuen militantzia politiko ezagun bat, Alderdi Komunistako militante baitzen. Ordea, hirurak errepresio frankistak hil zituen, eta hirurek gauza bat dute komunean, Bucesen hitzetan: “Frankismoaren segurtasun indarrek zuten inpunitatearen biktimak dira”.
Anduezaz, Perezez eta Goñiz gain, oraindik “ahaztutako” biktima asko daudela nabarmendu du Bucesek, eta, horregatik, asko dagoela egiteke: “Biktima asko daude frankismoaren azken urteetan, denbora aurrera doa eta gero eta zailagoa da biktimen senideekin eta gertukoekin hitz egitea eta testigantzak jasotzea. Aranzadin bide horretatik lan egiten jarraituko dugu”.